AUTOMOBILISMOA

Bilbo, motorren menpe

Ia dena prest dago hilaren 15etik 17ra Bizkaiko hiriburuan jokatuko diren Munduko Serieetarako

gotzon hermosilla
BILBO
2005eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hilaren 15etik 17ra, lasterketa autoen gurpilen arrastoan ibiliko da Bilbo asteburu osoan. Bizkaiko hiriburuan jokatuko dira Munduko Serieak, 1 Formularen aurreko maila eta automobilismoaren urrezko mailan aritu aurretik igaro beharreko bidea. Bilboko kaleetan zehar jokatuko dute lasterketa, eta, hori dela eta, hainbat lan eta egokitzapen egin behar izan dituzte azken hilabeteetan.

Atzo egin zuten lasterketaren aurkezpen ofiziala, eta hizlari guztiak bat etorri ziren kirol ekitaldi horrek Bilbori ekarriko dizkion onurak nabarmentzean. Izan ere, azken bolada honetan zenbait protesta eragin ditu ekitaldi horrek, lanek herritarrei sor dizkieten eragozpenengatik eta lasterketak ingurugiroan izan dezakeen eragina dela eta. RPM Racingeko presidente Jaime Alguersuarik barkamena eskatu zien herritarrei, baina esan zuen igande arratsaldean, probak amaitutakoan, bilbotar guztiak «pozik eta harro» egongo direla ikusitakoaz.Beste proba batzuk jokatuko dituzten arren, Munduko Serieak dira, dudarik gabe, garrantzitsuenak. 1 Formulara ailegatzeko lorbidea izaten dira Munduko Serieak, eta, esaterako, Munduko Serietako azken hiru txapeldunek 1 Formulan dihardute gaur egun: Marc Gene, Fernando Alonso, Justin Wilson eta Ricardo Zonta Munduko Serieetan aritutakoak dira. «Oso proba ikusgarria da, eta zaleek ez dute desberdintasunik atzemango 1 Formularen eta Munduko Serieetako lasterketen artean», esan zuen Alguersuarik. Hamabost taldek hartuko dute parte lasterketan, horien artean, Epsilon Euskadi taldeak.Horretaz aparte, beste hiru lasterketa ere jokatuko dituzte Bilbon: Eurocup FR 2.0, Megane Trophy eta Clio Cup. Beste aldetik, Renaultek erakustaldi bat egingo du, eta taldearen historian esanguratsuak izan diren hainbat auto ekarriko ditu Bilbora.

Segurtasun neurri zorrotzak

Segurtasunari dagokionez, neurri zorrotzak hartu dituzte antolatzaileek. Iñaki Hidalgo Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazioaren diputatuak esan zuen segurtasuna erabatekoa izango dela, eta hartutako neurriak ohi baino zorrotzagoak izan direla. Esaterako, hormigoizko hesiak eraiki dituzte ibilbide osoan, 9.000 metro orotara. Altzairuzko kableak ere erabili dituzte horretarako, 72.000 metro, hain zuzen, eta 40.000 pneumatiko, «normalean erabiltzen direnak baino askoz gehiago», Hidalgoren esanetan. 993 lagun arduratuko dira gidarien eta ikusleen segurtasuna zaintzeaz.

Antolatzaileek salgai jarritako 30.000 sarrerak egun gutxitan agortu dira. Dena dela, pantaila erraldoi bana jarriko dute Deustuko Done Petri plazan eta Arriagan, eta zaleek han ikusi ahal izango dituzte lasterketaren irudiak. TVEk ere 60 herrialdetako telebistei eskainiko dizkie lasterketaren irudiak, eta, horretarako, 23 kamera eta helikoptero bat erabiliko dituzte.Hilaren 15ean entrenamenduen txanda izango da, 14:30etatik 20:00etara. Hilaren 16an ere entrenamenduak izango dira, bai eta Renaulten erakustaldia ere, 12:15ean eta 15:50ean. Munduko Serieen proba nagusiak igandean izango dira: 10:40ekoan, hamabost itzuli egin beharko dituzte parte-hartzaileek, eta 14:35ekoan, berriz, 22 itzuli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.