Bilboko eta Bizkaiko agintari gorenek NBA AEBetako saskibaloi liga profesionalarekin sinatu duten akordioaren berri eman zuten atzo Bilboko modernitatearen ikurrean, Guggenheim museoan. Herenegungo informazioarekin alderatuta, ñabardura garrantzitsuak egin ziren aurkezpenean, 2013n Bilbon jokatu behar zen partida airean baitago oraingoz. Hala baieztatu zuen NBAko negozio garapenerako lehendakariordeak, Richard Heaselgravek: «Aztertzen ari garen aukeretako bat da hori, baina oraingoz ezin dugu baieztatu partida hori hirian jokatuko denik».
Herenegun Bilbok NBAko partida bat hartuko zuela zabaldu ostean, haizea bezain azkar hedatu zen partida hori lagunartekoa, denboraldiko-aurrekoa edo ligakoa izango zen. Zalantza hori haizeak eraman du, oraingoz. Heaselgrave berak beste aukera bat jarri zuen mahai gainean. 2014an Espainiak antolatuko du Munduko Saskibaloi Txapelketa, eta Bilbo AEBetako saskibaloi selekzioaren egoitza izatea ere aztertzen ari omen dira.
Ñabardura hori azaldu ostean, hitzarmenaren benetako funtsa azaldu zuten alde guztiek. Alegia, irizpide komertzialeko akordioa dela eta helburu nagusia Bilbo eta Bizkaia munduan barrena saltzea dela. Hori lortzeko, NBA eta bere merkatu erraldoia ispilu ezin hobea dela erabaki dute Bizkaiko agintari gorenek, eta konpromiso ekonomikoaren berri eman: 200.000 euro jarriko dituzte lehen urtean, eta horren truke, Bilbo eta Bizkaiaren publizitatea azalduko da NBAko partidetan. Ostiralean, lehen aldiz, Londresko O2 pabiloi ederrean Toronto Raptors eta New Jersey Nets taldeek jokatuko duten partidan, hain zuzen ere.
Krisi garaietan halako inbertsioak egiteagatik gainera etor dakizkiekeen kritiken jakitun mintzatu ziren Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Azkunak Bilbok eta Bizkaiak urtero hartzen dituen bisitari kopurua izan zuen ahotan, baita haien jatorria ere, inbertsioa arrazoitzeko: «Milioi bat lagun etortzen da Bilbora urtero, eta %80 atzerritarrak dira». Horren haritik mintzatu zen Bilbao, eta inbertsioak herrialdeari ekarriko dion onura ekonomikoa goraipatu: «Mundu guztian egingo gara ezagun, eta Bilbo eta Bizkaia aberatsago izango dira NBArekin sinatu dugun hitzarmenari esker».
Oihartzun ikaragarria
Bai Azkunak, bai Bilbaok, arrazoia dute. NBA mundu zabalean da ezaguna, eta saskibaloi liga profesionaleko ugazabek lehiaketa Europan eta Asian saltzeko asmoa dute epe ertainean. AEBetan merkatu ikaragarria dute, eta All Star edo Izarren Partidako ikusle datuek ezin hobe baieztatzen dute hori. AEBetan telebista ikusten ari zen lagunen %5,2 ikusi zuten saskibaloia, bederatzi milioi lagunek. Larunbateko hiruko eta txikitzeen lehiaketa batuta, hamazazpi milioi lagunek ikusi zuten uneren batean All Star-ra. Bistan da jendetza horrek telebista emankizunetan Bilbo eta Bizkaiko publizitatea ikustea lagungarria izan litekeela herrialdearentzat.
Esan ez, edo oharkabean pasatu ziren esanen artean, NBAko babesle nagusi bilakatu denak ekimenari eman dion bultzada nabarmendu behar da. Izan ere, BBVA banketxeak lau urterako akordioa sinatu du NBArekin, urteko 24 milioi euroren truke. BBVAk, Bilbon, Bizkaian eta inguruan duen merkatua handia dela jakitun, bultzada erabakigarria eman dio NBA Bilbora, Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin, eta partida bat jokatu edo ez erabakitzerakoan ere, indar handia izango du bankuaren bultzadak.
Bilbo NBAn; NBA Bilbon?
200.000 euro jarriko dituzte aldundiak eta udalak Bizkaia AEBetan saltzeko; ez dute partida jokatuko denik ziurtatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu