Bilboko Bizkaia pilotaleku berriak kudeaketa pribatua izango du

Enpresek aurkezpenean aditzera eman dutenez, binakako txapelketako finala bertan jokatuko da, apirilaren erdi aldera

Bilboko Bizkaia pilotalekuko harmailak, atzoko ekitaldian. M. DEL VALLE / A.  PRESS.
jon eskudero
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bilboko Bizkaia pilotaleku berriak kudeaketa pribatua izango du, eta binakako txapelketako finala bertan jokatuko da. Horiek izan ziren atzo Miribilla auzoan dagoen frontoi horren inaugurazio ekitaldian jakin ziren berritasun nagusiak. Lehen pilotakadak buruz buruko hiru txapeldun bizkaitarrek eman zituzten: Hilario Azkaratek, Jesus Garcia Ariñok eta Iñaki Gorostizak.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eman zituzten egitasmoaren inguruko xehetasunak. Bilbaok eman zuen jakitera pilotalekuaren kudeaketa pribatua izango dela, nahiz eta lanak aldundiak ordaindu dituen eta lurrak udalak utzitakoak diren. Europa osoko deialdia egin, eta jasotzen dituzten eskaintzak aztertu ondoren hautatuko dute arduraduna. Euren interesa aurkezten duten enpresek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte; baldintza horiek zeintzuk diren Europako komunitateen buletinean zehaztuko da. Euskal Herriko ia pilotaleku guztiek kudeaketa publikoa dute.

Iñaki Azkunak, bestalde, harro hitz egin zuen azpiegituraz: «Bazen garaia. Orain arte telebistaz jarraitu izan ditut norgehiagoka guztiak, eta inbidia sentitu izan dut, baina hemendik aurrera izango da hemen ere zer gozatua». Horrekin batera, helburu nagusia Bizkaiko pilota «sustatzea» dela gogorarazi zuen, «haurrek non ikasia» badaukatelako.

Apirilaren erdi aldera, binakako txapelketako finala Bizkaian jokatuko bada ere, lehenago finalerdietako partida bat bertan izatea espero dute, martxoaren 19ko asteburuan. «Bi asteburu barru pilotariak hemen nahi ditugu», gehitu zuen Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.