Larunbatean askatu zen korapiloa, Berasaluze II.ak eta Albisuk euren partida bi tanto edo gehiagoko aldearekin irabazitakoan. Asegarceko bikoteak 22-14 irabazi zion Martinez de Irujo eta Zabaletari, eta, emaitzari horri esker, bi bikote horiek lortu zuten finalerako txartela. Finalaren eguna eta lekua baieztatzea bakarrik falta zen, eta gaur argitu da hori. Atzerapenik gabe, apirilaren 28an jokatuko da finala, igandean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Ligaxkan elkarren aurka jokatu zutenean, partida bana irabazi zuten bi bikoteek; Irujo eta Zabaleta 10-22 nagusitu ziren Iruñeko Labriten, eta Berasaluze II.a eta Albisu 22-20 Eibarko Astelenan. Joan den larunbatean Iruñeko Labriten jokatu zen finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldiko lehen partida, bi bikote horien artekoa, eta Berasaluze II.a eta Albisu nagusitu ziren, berriz ere, 22-14.