GIMNASTIKA

Biles oreka barrako finalean lehiatuko da gaur

Domina bat lortzeko azken aukera izango da gimnastika artistikoko ikurrarentzat. Osasun arazoak medio, beste aparatuetako finaletan aritzeari uko egin dio azken astean

Simone Biles gimnasta estatubatuarra. HOW HWEE YOUNG / EFE
Jone Bastida Alzuru-Igor Susaeta
2021eko uztailaren 31
11:50
Entzun

Osasun arazoengatik jauzi zaldiaren, barra asimetrikoen eta lurreko ariketaren finaletan parte hartzeari uko egin ondoren, Simone Biles estatubatuarra, gimnastika artistikoko ikurra, oreka barrako finalean lehiatuko da asteartean, AEBetako Gimnastika Federazioak jakinarazi duenez. Euskal Herrian 10:50 direnean hastekoa da finala.

Joan den ostiralean, izaten ari den arazoen berri eman zuen, eta sare sozialetan esan zuen haren burua eta gorputza ez daudela «sinkronizatuta». Aurrena, taldekako lehiaketatik erretiratu zen, lehia hasi berritan. Presioaren ondorioz utzi zuen hura Bilesek. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut. Gure burua eta gorputza babestu behar ditugu, eta ez dugu mugatu behar munduak nahi duena egitera», adierazi zuen, taldekako finala utzitakoan, 24 urteko gimnasta estatubatuarrak.

Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da Biles, 24 urtekoa. 2013az geroztik egindako Munduko Txapelketetan urrezko hemeretzi domina irabazi ditu. Azkeneko Olinpiar Jokoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen estatubatuarrak.

Larry Nassar AEBetako gimnastika selekzioaren medikuaren sexu abusuen biktima izan zen Biles, eta, 2018an, nabarmendu zuen horrek antsietatea eragiten ziola eta sendagaiak hartzen zituela horri aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.