Julen Retegi. Aspeko pilotaria

«Binaka ez naute txapelketetan sartzen; sistema ez da egokia»

Etorkizuneko pilotaria izateari utzi eta zerbait handia egiteko garaia heldu dela uste du Retegi Bik. Aurten izatea espero du.

jon eskudero
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gaztea da, baina beteranoa aldi berean. Sei urte daramatza profesional mailan Julen Retegik (Iruñea, 1985), baina oraindik ez du izena izan bihurtu. Dohain politak ditu, baina onenen artera iristeko zerbait falta zaiola sarritan entzun behar izan du. Kritikei buruz ez du ezer jakin nahi, eta zabalik dauden aho guztiak kantxan isilarazteko prest dago. Ametsak egia bihurtu, eta txapela jantzi nahiko luke, baina badaki oso zail izango duela.

Zer-nolako sentipenak dituzu lau t'erdikoari ekitera zoazenean?

Betikoekin, egia esan. Ilusio askorekin nago, eta apur bat urduri ere bai, biharko egunari begira nagoelako aspalditik. Entrenamenduetan ongi sentitu naiz.

Aritz Lasa duzu aurkari bihar Urretxun. Ondo ari da jokatzen.

Badakit oso zaila dudala irabaztea. Etxean jokatzen du, gainera. Lehengoan erakustaldia eman zuen Urrutikoetxearen aurka, nahiz eta hark bere ohiko itxura ez eman. Airez nahi duen tokian jartzen du pilota, eta tantoa erraz bukatzen du. Uda oso ona egin du.

Zu zeu zara, Lasarekin batera, Aspeko bosgarren aurrelaria. Alde horretatik presiorik ba al duzu?

Ez, batere ez. Nik ez dut horretan pentsatzen. Presio bakarra neure buruarekin daukat, galduz gero urte guztia pikutara doalako. Pilota ez da tenisa; hurrengo egunean txapelketako beste partida bat jokatzeko aukerarik ez daukagu.

Lau t'erdia zure distantzia da.

Binaka aritzeko aukerarik ez didatelako ematen. Ez dut ez Lehen ez eta Bigarren Mailan ere jokatzen. Lehiaketa bakarrak lau t'erdikoa eta buruz burukoa ditut, eta bihar irabazteko presioa handia da. Binaka ez naute txapelketetan sartzen, eta, nire ustez, lehiaketa sistema ez da egokia.

Zer moduzko uda izan duzu?

Hasiera txarra izan nuen, emaitza eta joko eskasekin. Pixkanaka hobetuz joan naiz, eta oso ongi amaitu dut. Logroñoko lau t'erdiko bi partidak izugarri onak jokatu nituen. Enpresan, gainera, gustura nago.

Duela bi urteko lau t'erdikoa gogoan izango duzu, noski.

Hura ez dago ahazterik. Olaizola II.ari irabaztea sekulakoa izan zen. Partida bikaina egin nuen; dena irten zitzaidan. Ukondoarekin jota ere tanto egiten nuen. Ligaxkan, ordea, ez nuen partidarik irabazi, eta arantza hori daukat barnean sartuta. Azken bi urteetan Barriolak kanporatu nau, eta aurten langa hori pasa nahi dut.

Ordutik Retegi Bik prestigio handiagoa al dauka?

Ez, ez zait iruditzen. Denok gara denen beldur. Edo, hobeto esanda, errespetu handia diogu elkarri.

Ikusi al duzu Olaizola II.aren aurkako partida hartako bideorik?

Ez, ez. Prestaketa garrantzitsuena kantxan egiten da, eta ez pantaila aurrean. Gainera, ez daukat bideo beharrik, une bakoitza ezin hobeto gordeta baitaukat memorian. Profesional ibilbideko pozik handienetakoa izan zen hura.

Beti esan izan da progresioa duen gaztea zarela, baina kostatzen ari zaizu Irujo eta enparauen parera iristen. Kritikak ere entzun dituzu.

Erraz hitz egiten da, baina ea nor iristen den Irujoren parera! Titin III.arengatik ere berdin ari dira gehienak, jada baduela erretiroa hartzeko garaia, baina ia inork ez dio irabazten. Eta, hala den bitartean, lehian jarraitu behar du.

Aireko jokoa gutxi erabiltzen duzula ere entzun behar izan duzu behin baino gehiagotan.

Imajina ezazu futbolean atezain bat aurrelari baten postuan. Ziur ez duela bere lana ongi egingo. Ba, niri berdina pasatzen zait. Airea ez da nire dohainik nagusiena, nik botera jokatzen dut, eta bakoitzak bere armak ahalik eta hobekien baliatu behar ditu. Ni lasai nago alde horretatik.

Gaizki pasatu duzu kritikengatik?

Ez, ez, inola ere ez. Kritikei kasu egiten hasiko banintz, erotu egingo nintzateke. Pilotazale eta kazetari guztiak libre dira nahi dutena esateko; ni lasai nago.

Jokatzen ere ez dizutela uzten esan zuen zure aitak ETBko elkarrizketa batean.

Ez dakit hori hala den. Nik dakidana da uda hasieran asko kosta zitzaidala partidak irabaztea eta gauzak nahiko beltz ikusi nituela. Bolada txarrean zaudenean dena irteten da gaizki, eta ongi zaudenean, alderantziz. Saiatu, behintzat, saiatzen naiz ahal dudan guztia egiten, eta halaxe jarraituko dut.

Zer esaten dizu Jokin Etxanizek?

Jokinekin ez naiz egon ia uda osoan. Hasieran pare bat entrenamendu egin nituen berarekin, baina geroztik ez naiz egon.

Uste duzu orain dela hamabi urte egun baino aukera gehiago izango zenuela txapelaren bat janzteko?

Ez dakit. Egungo pilotak asko gustatzen zaizkit, eta orain dela urte batzuk zer gertatuko zen jakitea ezinezkoa da. Hala ere, gehiago lagunduko zidaten.

Ilusiorik, behintzat, ez zaizu falta.

Hargatik entrenatzen naiz egunero. Bizitza pribilegiatua daukat, eta lan serio egin beharra dago. Egunen batean banaka txapelaren bat irabazi nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.