Binakako berdinketa kasu bakoitzerako araudia eratu du Enpresen Ligak

Gonzalez eta Barriola eta Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren arteko partida Eibarren jokatuko da, igandean

Imanol Magro Eizmendi.
2009ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako sailkatze fasean dagoen orekak arautegia gehiago zehaztera behartu du Enpresen Liga. Horiek hala, ligak atzo argitu zuen lau berdinketa kasu nola argituko liratekeen. Lehen bi kasuak dira azaltzen errazenak. Enpresa bereko bikoteek berdinduz gero, aldeko eta kontrako tanto kopuru orokorrak erabakiko du sailkapena. Enpresa ezberdinetako bikoteek berdinduz gero, euren arteko partidetako emaitzekin argituko da. Bikote bakoiztak partida bat irabazi badu, tanto aldeak erabakiko luke zeinek egingo duen aurrera.

Beste bi kasuak zailagoak dira argitzen. Enpresa ezberdinetako bi bikote baino gehiago badaude berdinduta, eta enpresa bakoitzak bikote kopuru ezberdina badu -Asegarceko bi eta Aspeko bat, adibidez- berdindutako bikoteen arteko partidetako tanto aldeak erabakiko luke, bi bikotek elkarren aurka jokatu ez badute ere. Berdinketak jarraituko balu, tanto alde orokorrak deuseztatuko luke berdinketa.

Azkenik, enpresa ezberdinetako bi bikote baino gehiagoko berdinketak eta enpresa bakoitzak berdindutako bikote kopuru bera duenean -Aspeko bi eta Asegarceko biren artekoa-, berdinduriko bikoteen arteko partiden garaipen kopuruak zehaztuko du sailkapena. Berdinketak jarraituz gero, partida horietako tanto aldeak argituko luke sailkapena.

Bestalde, Binakako Txapelketako Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Gonzalez-Barriolaren arteko partida ez da Donostian jokatuko, Eibarren baizik, igandean. Aspek tokiz aldatzea erabaki du, ordu berean Realak Herculesen aurka jokatuko baitu Anoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.