Lau bikote oso indartsuk hartuko dute parte Donostia Hiriko Torneoan: Olaizola II.a-Begino binakako txapeldunak eta Bengoetxea VI.a-Beroiz Asegarcetik, eta Irujo-Zubieta eta Xala-Laskurain Aspetik. Enpresek euren koadroetako pilotari onenak jarri dituzte lehian, atzo Donostiako udaletxean egin zen aurkezpenean azaldu zutenez. «Udako torneorik garrantzitsuenetakoa da, eta ohorea da irabaztea. Horregatik, ahal izan dugun bikoterik indartsuenak kantxaratuko ditugu», adierazi zuen Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak.
Torneoak hiru jaialdi besterik ez du izango, eta horietako bi Donostiako Aste Nagusian izango dira. Lehen finalerdia hilaren 19an jokatuko da (22:15), ostiralarekin. Bertan Olaizola II.a-Beginok Xala-Laskurainen kontra jokatuko dute. Bigarren finalerdia, berriz, hurrengo egunean izango da (17:15). Bengoetxea VI.a-Beroizek Irujo-Laskuraini egingo diete aurre. Finala hilaren 23an jokatuko da (22:15), asteartearekin.
Ez dago faborito argirik torneoa irabazteko, baina hasiera batean binakako txapeldunak dira indartsuenak. Begino sasoi betean dago, eta goizuetarra ere momentu gozoa igarotzen ari da. Irujo eta Zubietak osaturiko bikotea ere izen handikoa da, Xala eta Laskurainena bezala. Bengoetxea VI.a eta Beroiz, berriz, ezustekoa ematen ahaleginduko dira.
Binakako txapeldunak elkarrekin ariko dira Donostia Hiriko Torneoan
Olaizola II.a eta Begino lehen aldiz ariko dira batera txapela jantzi zutenetik, eta feriak hiru egun izango ditu soilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu