Binakako txapelketako ligaxka are gehiago luzatuko dute: 11 partidara

Enpresak diseinu berria aztertzen ari dira, lau bikote mantenduta eta enpresa bereko bikoteen arteko partidekin

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Aspe eta Asegarce binakako txapelketaren diseinu berria aztertzen ari dira, eta lehen ligaxka are luzeago baten aukera indartzen ari da. Asmoa bikote kopurua mantentzea da, lau enpresa bakoitzeko, eta sailkatze ligaxka luzatzea. Gauzak hala, bikote bakoitzak bi aldiz jokatuko du beste enpresako bikoteen aurka, eta behin bere enpresakoen kontra. Proposamen berriarekin aurrera eginez gero, ligaxka zortzi partidakoa izatetik hamaikakoa izatera pasako da.

Ligaxkako hamaika partidak bi zatitan banatuko dira. Lehenbizi bikote bakoitzak beste enpresako bikote baten aurka jokatuko du, eta bigarren jardunaldian bere enpresa bereko baten kontra. Hirugarren jardunaldian beste enpresakoen aurka berriz, laugarrenean bere enpresakoen kontra, eta hala zazpigarren jardunaldira arte. Behin itzuli bat osatuta, bikote bakoitzak berriz ere jokatuko du beste enpresako bikote bakoitzaren aurka.

Hamaika partiden ondoren lehen lau sailkatuek lortuko dute finalerdietarako txartela, eta litekeena da, azken urteetako ereduari jarraituz, berriz ere ligaxka izatea. Gauzak hala, finalera iristen diren bikoteek hamabost partida jokatuko dituzte guztira.

Datei dagokionez, baliteke binakakoa urtarrilaren 1ean hastea, eta enpresek diseinu berria onartuko balute apiril erdi aldera arte luzatuko litzateke txapelketa.Enpresen buruhaustea, orain, bikoteak osatzea da. Aspen lau aurrelariak zein izango diren argi dago, baina Barriolaren sarrerakBeroiz kanpoan utz dezake. Asegarceren ere aurrelariak iazko berak izango dira ziurrenik, baina bost hautagai daude lau atzelari postuetarako. Zalantza Beloki eta Mendizabal II.aren artean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.