Biren arteko lehia, berriro

Iaz bezala, Gros eta Sestao-Naturgas taldeak faborito argi direla hasiko da bihar xakeko Euskal Liga

Sestao-Naturgaseko jokalariak, orain bi urteko Euskal Ligan. A. CANELLADA / ARP.
Josu Tornay.
Donostia
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Iritsi da urteroko lehiaketa. Bihar bertan jarriko da martxan 2012ko Xakeko Euskal Liga, 16:00etan, Sestao-Naturgas Energia iazko garailea eta Gros faborito argi direla. Aurten, berriz ere, Euskal Herri osoko 1.000 xakelari inguruk parte hartuko dute maila guztietan. Hamar taldek osatuko dute Ohorezko Maila: Gros, Zuri Baltza, Batalla, Orvina A, Ruta de Europa A, San Viator, Sestao Naturgas Energia A, Easo Xake Taldea, Conteneo Haitzak eta Altzaga-Leioa taldeek. Eta beste hainbeste ariko dira Lehen Mailan: San Juan A, Errenteriako Sustapen taldea, Oberena, Orvina B, Ruta de Europa B, Barakaldo, Sestao Naturgas Energia B, Zornotza, Arrasate-Arlutz eta Eguzki-Urnieta.

Euskal Ligan ariko diren jokalari gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian daude izena emanda. Tartean, Ipar Euskal Herriko hainbat xake jokalarik ere Gipuzkoan daukate izena emanda, nahiz eta klub horien egoitza nagusia Gipuzkoatik kanpo dagoen. Iaz bezala, beraz, legeak uzten duen zirrikitua baliatuta, liga autonomikoa izan beharrean, euskal kluben eta federazioen arteko liga izango da. Euskal Herri osoko xake jokalarien parte hartzea baliatu nahi dute antolatzaileek modu horretan. Hain zuzen ere, kirolaren legearen barruan jasota dago puntu hori, eta horrek aukera ematen du torneo ofizial batean hainbat autonomiatako klubek jokatzeko.

Historiako torneorik sendoena jokatuko da Ohorezko Mailan. Gros eta Sestao dira faboritoak. Horretan ez dago zalantzarik. Sestaok izango du ligako jokalaririk sendoena: Hikaru Nakamura estatubatuarra; 2.759 elorekin, munduko 12. jokalaria da une honetan. Grosen kasuan, berriz, Ruslan Ponomariov ukrainarraeta munduko txapeldun ohia da jokalaririk sonatuena; 2.727 elorekin, munduko 23.a da. Baina, zerrenda guztiari begiratuta, Sestaorena ikaragarria da: hamabi maisu handi daude taldean, eta horietako bost 2.700 elotik gora dabiltza; munduko 40 onenen artean daude. Grosen zazpi maisu handi daude.

Hala ere, badirudi Grosek bere politikari eutsiko diola: Euskal Herrian bizi diren jokalariak soilik aurkeztuko ditu Euskal Ligan. Ezusterik ezean, beraz, Franco, Gonzalez, Etxegarai, Argandoña eta Martin ariko dira lehian. Espainiako Txapelketarako gordeko dituzte fitxaketak. Iaz, politika horri eutsita, bigarren izan ziren Euskal Ligan, eta irabazi egin zuten gero Espainiako Txapelketa.

Gainerako taldeak, hobeak

Sestaora eta Grosera begira daude denak, baina bigarren mailako taldeak iaz baino askoz indartsuagoak izango dira. Azpimarratzekoak dira Easo X.T. taldeko hiru maisu handiak, eta Conteneo Haitzak taldeko maisu handi bat. Euskal Ligako Lehen Mailan Iruñeko San Juan taldea da aipagarriena, maisu handi bat eta nazioarteko bi maisu baitaude tartean. Irabazteko faboritoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.