Orriulduko du halako batean, baina bitxiloreari helduta jarraitzen du oraingoz. Rallyen munduak Sebastien Loeb txapeldun handiak zer erabakiko duen zain jarraitzen du. 37 urte ditu, eta erretiroa hartzekotan zebilela esan zuen joan den urtean. Erretiroa ez, baina taldez aldatzekotan ote dabilen da zalantza orain. Areago, taldez aldatzekotan bakarrik ez, modalitatez aldatzekotan ote dabilen ere bada zalantza orain. Denboraldia ez da amaitu, baina Citroen etxearekin duen kontratua berritzeko denbora bai. «Gauza bakarra dakit ziur: gidatzen jarraituko dudala», esan du txapeldun frantziarrak.
Irabazi beharreko guztia irabazita dauka Loebek. Zazpi aldiz izan da munduko txapeldun rallyetan —aurten irabaz dezake zortzigarren txapelketa—, eta ez ditu inork hark adina lasterketa irabazi (66). Citroen etxea goreneraino eraman du, baina etxe horretanaspaldian daude haren agurrean pentsatzen jarrita, eta Sebastien Ogeren alde egin dute apustu. Citroenen, beraz, taldekide gazteari lezioak ematea da Loebi gelditzen zaion erronka bakarra.
Eta Citroenetik kanpora, zer? 2012an Volkswagen etxea hasiko da Munduko Rally Txapelketan, eta hura behe-behetik hartu eta goreneraino eramatea bada Loebentzako moduko erronka. Arazo bakarra adina izan daiteke: Loebek 38 urte izango dituelako heldu den urtean, eta 39 Volkswagen bete-betean hasten denerako. «Volkswagenena aukera ona litzateke niretzat, baina ez dakit zer egin: Citroenen gelditu, beste talde batera joan, erretiroa hartu edo modalitatez aldatu», esan du Loebek Autosport aldizkarian.
Rallyetako espezialista da Loeb inondik ere, baina egin izan du proba beste modalitate batzuetan ere. Iraupen lasterketetan aritu izan da —Le Manseko 24 orduetan, besteak beste—, eta 1 Formulako autoekin ere egin izan ditu entrenamenduak —Kataluniako zirkuituan, Red Bullekin, besteak beste—. «Garbi daukat gidatzen jarraitu nahi dudala, eta zirkuitu batean gidatzea seguruagoa da», iragarri du. Erantzun erabatekoa, heldu den astean.
Bitxiloreari helduta
Sebastien Loeb txapeldunak zer erabakiko zain dago rallyen mundua. Ez daki Citroenen jarraituko duen edo ez, ezta rallyetan jarraituko duen edo ez ere. «Gauza bakarra dakit ziur: gidatzen jarraituko dudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu