Errespetutik beldurrerako mugan dantzan zebilen Athletic. Bederatzi urteren ondoren, Txapeldunen Liga jokatzeko erronkari heldu dio, eta Fortuna Hjorring UEFAren sailkapeneko bosgarren taldea zeukan parean. Lehen ordu laurdena betetzerako argitu da oso talde indartsua eta landua dela Danimarkakoa, baina Yulema Corresek eta Maite Orozek sinesteko motibo dezente daudela erakutsi dute gol bana sartuta. Athletic ez da Fortuna baino talde apalagoa, eta, 2-1ekoarekin, hurrengo asteazkenean erabakiko da kanporaketa.
Joan-etorriko kanporaketetan beti gertatzen den moduan, bi taldeek elkarri neurria hartzeko baliatu dituzte lehen minutuak. Hasterako, mutur banatan zeuden bien jokamoldeak. Presio handiaren eta sendotasunaren aldeko apustua egin du Athleticek, eta berdegunean nahi zuen baloia. Fortuna Hjorringek, berriz, estrategia jokaldiei eta Olar ezker hegaleko atzelariaren korrikaldiei heldu die berehala. Fisikoan bilbotarrei gaina hartuta, 8. minuturako lehen aukera argia eduki du Thogersenek, area barruan pasea jasota, baina bizi atera da Ainhoa atepetik, eta Morazak urrundu du arriskua.
Damjanovicen zalantzazko penalti bat salbu —eskuekin ukitu du baloia area txikian bertan—, Athletici kosta egin zaio Fortuna bere arean sartzea. Baina aurkariaren baliabiderik errentagarriena aukeratu du erasoan min egiteko. Olarrek sarritan egin du gora itsu-itsu, eta horrek desoreka sortu du atzeko lerroan. Yulema Corresi baloi luzeak bidalita eta aurrelariak buruz Morazari utzita, behin eta berriz arriskua sortu dute zuri-gorriek. Danimarkarrek bi korner jaurtiketatan arrisku dezente sortu berritan, horrela iritsi da gola, 34. minutuan. Aurretik, Morazak berak eduki du aukera ona, baina donostiarrak gaizki amaitu du jokaldia. Eta 2-0ekoa ere ez du urruti izan erdilariak, goleko jokaldia errepikatuta, baina lo hartu du eta azken unean baloia lapurtu dio Damjanovicek.
Arazo fisikoak atzean
Sendo ari zen Athletic, baina Brian Sorensen Fortunako entrenatzaileak zelai erdiko desoreka konpondu du aldageletatik bueltan. Etxekoei kosta egin zaie aurkariaren presioa ezerezean uztea, eta giharrak ere kexaka hasi dira berehala. Garazi Muruak lehenengo eta Morazak gero, aldaketa eskatu behar izan dute, eta atzean mugimendu asko egin behar izan du Agirrek.
Kikildu gabe, ordea, Lucia Garciak aukera ona eduki du 62. minutuan, baina ez du ikusi ezkerrean Nekane; atezainak gelditu du jaurtiketa. Bi minutu geroago, berriz, orpoz gol ikusgarria sartzear egon da aurrelaria. Balizko golaren garrantziaz jabetuta, bi pauso aurrera eman ditu Fortunak, eta 71. minutuan jaso du saria. Olarrek ezkerretik erdiratu, eta Smidtek, buruz, baloia sareetara. Minutu txarrak izan dira Athleticentzat, baina 83. minutuan Erika Vazquezek eta Maite Orozek eromena sortu dute harmailetan. Lasaitasun harrigarriarekin amaitu du jokaldia Orozek. 2-1. Aurkariari neurria hartuta, erronka polita dauka Athleticek asteazkenean.