Munduko Kopa 2014

Bizia, azkarra, abila...

Balizko faboritoa, Errusia,  estu hartu du Hego Koreak, eta gutxi behar izan du garaipena lortzeko (1-1).

Errusiako eta Hego Koreako jokalariak, baloia lehiatzen. JOSE COELHO / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 18a
02:27
Entzun

Izenak izena baino ez dira. Batzuetan izana izaten dute alboan, baina beste batzuetan, ez. Errusiak izena dauka, izenez josia dago, eta Hego Koreak, gaurko partidaren aurretik, ez izen, ez izan. Errusia zen handia aurretik, txikia Hego Korea. Izanak banatzeko joera. Partida bukatu berritan, Errusia izenarekin geratu da beste behin, eta Hego Koreako jokalari batzuen izenak gogoan geratu zaizkio zaleari, izana erakutsi dutelako; Son, kasu.


Bazetorren zarata Asia aldetik, talde hau ez dela betiko Hego Korea. Justu antzean sailkatu zela txapelketarako, entrenatzaile aldaketaz aldaketa zebilela, eta 2002ko Munduko Kopa sonatu hartan, taldeko kapitain zen Hong dela orain entrenatzaile. Eman ote dion taldeari halako indar bat... baina izana hartu ezinda zihoala Brasil aldera. Kontuak kontu, kale erabatekoa aurreikuspenek. Hego Korea hau betikoa da intentsitate aldetik; jokalari abilak dauzka baloia jokatzeko; eta azkarrak dira, biziak, gainera.


Esana zuen Fabio Capellok, Errusiako entrenatzaileak, bezperan: "Ez naiz fio hauekin". Bai asmatu ere. Horregatik akaso utzi ditu bere ondoan Denisov, Zagoev eta Kerzhakov. Taldeko hiru onenetakoak. Beste batzuen aldeko hautua egin du, eta ziurrenik, jokatzeko eredua ez du aldatu, batzuk aukeratu ala besteak. Saguarena egin nahi izan du Errusiak: ezustean harrapatu Hego Korea, hutsen bat noiz egingo zain.


Baina hutsa bere atezainak egin du. Akinfeevek handia egin baitu. 69. minutuan, eskuetan ezin lotu baloia, eta Leek gola. Izenen eta izanen rolen banaketan, ezustea. Baina partida ikusita, ez. Sagua zena katuz jantzita azaldu da, eta gutxi behar izan du bapo asetzeko.


Capellok ikusia zuen ordurako bere jokalari onenen beharra zuela, eta atera ditu hirurak. Eta nola ez, saguetan saguenak, azerietan azerienak atera dizkio babak heltzetik: Kerzhakovek. Hego korearren gola baino bost minutu geroago etorri da berdinketa. Emaitza parekoa, eta berriz ere jolasa: bietako zeinek harrapatuko bestea ezustean. "Hartu baloia, jolas egin berarekin, lasai...harrapatuko zaitut eta". Horrela ibili dira, baina ezusterik ez, hutsik ez. Huts egin diona Errusiari jokoaren sormena izan da, eta Hego Korearen izana: baloia ondo erabili du, ondo gorde du, eroso antzean moldatu da lan horretan, eta opari gutxi egin dizkio Capelloren asmoari. Usteak erdia ustel. Balizko Hego Korea txikiena ez da hain txikia. Eta gainera, azkarra eta abila da. Errusiak gaur ezagutu du ondo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.