Garbi adierazi zuen lerro hauetan Philippe Montanierrek kalitatezko jokoa zela Zubietan oinordetzan utzi nahi zuen ondarea, eta, hain zuzen, kalitateak eman dio arnasa Gabonetako geldialdia bitarte. Iñigo Martinezen 60 metroko zartada Sevillan, edo Vela eta Ifranen gol ederrak epailearen azken txistuaren aurretik Malagaren kontra; bi hordago segidan irabaztea ekarri diote normandiarrari, karta jokoan galtzaile aterako zela zirudienean. Iraungipen data jarria baitzuen: irabazi ezean, gehien bat taldea itxuraldatzea lortzen ez bazuen kitapen agiria sinatzera derrigortuko zuelako Jokin Aperribaik berandu baino lehen. Bizirik ateratzea lortu du, ordea, Ian Flemingen eleberri ezagunetako protagonista balitz moduan, miragarri. Haren lana, hori bai, ez da sekretupekoa, halabeharrak bide laburra baitu futbolean, eta azken hiru partidatan eskuratutako zazpi puntuek zelai, bulego eta harmailetako giroa baretzen lagun beharko luke.
Jokalariek behin eta berriz nabarmendu dute bai prentsa aretoan, bai handik kanpo aste barruan ikasitako guztia ez zutela garatzen azterketa egunean. Uste gutxi izan zuten euren buruetan Mallorcaren eta, batik bat, Athleticen aurka jarraian galdu ostean. Arrasto sakona utzitako bi porrot mingarri izan ziren, gaitasunak izoztu balizkie bezala, eta Espanyolen egunean hondoa jo eta gero presidenteak serioski hitz egin zuen entrenatzailearekin biharamunean. Esatekoak esan, funtsean nora ezean zebilela, ez aurrera ez atzera, planteamenduekin ezin asmatu, jokalari garrantzitsuak ezin piztu, norgehiagoken gidaritzan baldar eta gauzak asko alda beharko zituela lanpostuari eutsi nahi bazion.
Iragan asteko partida bukatu bezain pronto, Aperribaik ez zuen ezkutatu bere desengainua, eta ezpain oker tokia txarrean utzi zuen Montanier. Adierazpen desegokiak izan ziren inondik ere, aspaldiko partez garaipenaz gozatu beharrean teknikariaren kontrako haizetea areagotu egin zuelako. Erraz ikusten baita askotan bestearen buruan zorria, baina gutxitan norberarenean zerria.
Bistan da entrenatzaile taldearenganako ustea ez dela osoa zuzendaritzaren aldetik, eta pare bat emaitza on baino zerbait gehiago beharko direla urratuak josteko. Jokalari multzoarekin ez da beste hainbeste gertatzen. Zelaiko kideak askoz batuago daude. Edonola ere, Realaren jardunak bi talde andaluziarren aurka onetik txarretik baino gehiago izan du, eta bolada arriskutsua atzean utzi eta gero, kontrakoa luzatzea izango da orain erronka.
Ongi egindako horretan sakontzeak lagunduko luke. Hasteko, baloirik gabeko lana zorrotzagoa da. Elustondo-Zurutuza-Aranburu hirukoaren sarrerarekin zelai erdia berreskuratu dute txuri-urdinek. Orekatuago, kokatuago, taldea ez da horren erraz zatitu, Betisen aurka beasaindarrak zelaia utzi ondorengo hamar minutu negargarriak salbuetsita. Eskuzabalak dira esfortzuan, ongi hartzen dute elkar, eta jokoak zentzua dauka, batez ere, baloiaren atzetik lana gogor egin behar denean. Horretan bizi ibili da entrenatzailea. Lerroak batuago daude, eta Bravok ez du ia lanik izan, lau gol sartu badizkiote ere. Hori ere esanguratsua da, eta infernutik zerurainoko bidea ezin daitekeenez egin lurretik igaro gabe, hobetzeko alde handia geratzen zaie Montanierren jokalariei. Arlo horretan bereziki. Ezingo dituztelako hiruna gol sartu norgehiagoka bakoitzeko, eta ezinbestekoa izango da, hortaz, banakako oker gutxiago egitea.
Jokalariak agertzen
Xabi Prietoren agerraldiaren zain, orain arte ezer gutxi erakusten ari ziren jokalariak erabakigarriak izan dira urrezko sei puntuak eskuratzeko. Atzetik aurrerakoan, Mikel Gonzalezen parte hartzeak segurtasun handiagoa eman dio defentsa lanari; Zurutuzak pedal kolpe arin eta alaia erakutsi du; Griezmann bihurri eta zirikatzaileena azaldu zen Sevillan, eta soilik burua lepo gainean duela emango du berea; Carlos Velak aurkariaren atea zulatu du bi astean jarraian. Hori dauka mexikarrak. Ez dagoenean, badago, eta alderantziz. Ezkutaketara jolasten egongo balitz bezala, behin azaltzearekin nahikoa du benetan min egiteko.
Beharbada, halere, izen guztien gainetik Gorka Elustondorena nabarmendu behar da. Atzelarien aurrean aurkitu du berriz bere tokia, Lilloren aroan garrantzitsu izatera iritsi zenekoa zaharberrituz, eta taldeak antzeman du haren ibili luzea zelai erdian. Horiek maila onean batera aritzea da entrenatzailearen zeregina, eta bide egokia hartu du.
Txanponaren beste aldean, Demidov eta Mariga leudeke, kaltetu nagusiak. Pixkanaka-pixkanaka euren onera itzultzen lagundu behar die Montanierrek, txapelketaren ia bi heren geratzen baitira oraindik ere. Denen beharra izango du. Multzo osoarena, eta baita inguruarena ere. Agintariek epaia emana zuten bere egunean: aldaketa. Zelaiak ezartzen ditu zigorrak, ordea, eta, oraingoz, normandiarra bizi-bizi dago.
Bizirik atera direnetako bat
Philippe Montanierrek postuari eutsiko dio urtea amaitu arte, azken bi garaipenei eskerEmaitza onak izaten ari da Reala, eta joko bolada onean sartu da azken partidetan; aurrerantzean bide hori jorratzea da xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu