Eibar 1-1 Betis

Bizirik daude oraindik ere

Eibarrek berdindu egin du Betisekin Ipuruan, Enrichek 83. minutuan sarturiko golari esker. Eibartarrak azkenak dira, baina eutsi egiten diote itxaropenari: hiru puntura dute salbazioa, bi jardunaldiren faltan

Sergi Enrich, baloiarekin, banakoa sartu berritan, atzo, Ipuruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
0-1. Guardadok (4. min.) 1-1. Enrichek (83. min.).

Sinesten jarraitzeko puntu bat eskuratu zuen atzo Eibarrek Betisen aurka, Ipuruan: bana berdindu zuen. Hasieratik egon zen atzetik markagailuan, eta azken txanpan lortu zuen hura berdintzea. Mailari eusteko ametsak zaila izaten jarraitzen du, baina oraindik ere posiblea da balentria. Bi partidaren faltan, eibartarrek hiru puntura dute salbazioa.

Azken jardunaldietan, eta bereziki beheko taldeentzat, oso garrantzitsua da aurreneko gola sartzea. Golak sartzea asko kostatzen da orain, eta markagailua iraultzea ez da lan erraza, indarrak ez baitaude sobran. Hori horrela izanik, maldan gora jarrizitzaion Eibarri neurketa hasiera-hasieratik. Laugarren minuturako markagailuan aurretik jarri zen Betis, zorigaitzeko gol baten ondorioz. Andres Guardadoren urrutiko jaurtiketak Atienza jo zuen, eta horrek ezustean harrapatu zuen Dmitrovic, eta baloia ate erditik sartu zen: 0-1.

Aurreko partidetan ez bezala, lehen minutuetan asko kostatu zitzaien eibartarrei Betisen area ingurura iristea. Baloirik gabe ondo aritu ziren etxekoak, oldarkor eta sendo defentsa lanetan. Baloiarekin, baina, ideiarik gabe izan ziren azken metroetan. Espainiarrek arrisku gehixeago sortu zuten, baina markagailua alde zuten, eta hura defendatzen jarri zuten indarra.

Pixkanaka-pixkanaka, eibartarrak geroz eta gehiago hasi ziren hurbiltzen Claudio Bravoren atera. Mota guztietako erdiraketen bidez, Betisen defentsa higatzen saiatu ziren, baina saririk gabe, zirrikiturik aurkitu ez. Sergi Enrich eta Kike Garcia apenas gailendu zitzaizkien Espainiako taldeko bi erdiko atzelariei.

Ondo ekin zion bigarren zatiari etxeko taldeak. Aurrerapauso bat eman, eta hasiera-hasieratik berdinketaren golaren bila joan zen. Bryan Gil zuloak topatzen hasi zen Betisen eskuin hegalean, eta hori baliatu zuten eibartarrek. Bina erdiraketa eta bakarkako jokaldi arriskutsu bat egin zituen erdilariak, atsedenaldi osteko lehen hamar minutuetan. Gertu izan zuen Enrichek banakoa, baina Bravok, sekulako gelditu batekin, markagailua bere horretan utzi zuen.

Ahaleginari saria

Minutuak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago arriskatzen hasi zen Eibar, puntu nahiak behartuta. Manuel Pellegriniren taldea bere zelaian sartu zen, etxekoen huts bat aprobetxatu eta kontraerasoan bigarren gola sartzeko intentzioarekin. Baina ez zuten horretarako aukerarik izan.

Azken hamar minutuetan nabarmen joan zen gora Eibar. Gol batengatik edo birengatik galtzea berdintsu zitzaion, eta, punturen bat urratu asmoz, defentsa pixka bat ahuldu, eta erasoa indartu zuen Jose Luis Mendilibarrek. Betisen area jokalariz josi zuen, baloiren bat harrapatzeko intentzioarekin. Eta lortu zuen bilatzen zuen hori, 83. minutuan. Enrichek bikain baliatu zuen Rober Correak egindako erdiraketa neurtua, eta area txikiaren barruan ez zuen hutsik egin: 1-1. Merezitako gola zen. Esperantzari eusteko balio dion gola da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.