Athleticeko jarraitzaile bat baino gehiago San Mameseko txarteldegietan egongo da dagoeneko talde zuri-gorriak eta Bartzelonak Errege bezperan San Mamesen jokatuko duten Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzulikoa ikusteko sarrerak eskuratzeko asmoz. Txantxa da, lasai. Ez da horrenbesterako, baina ikustekoa izango da neurketa horren inguruan sortuko den giroa. Duela sasoibiko Sevillaren aurkako finalaurrekoaren antzekoa izango da oso. Ikaragarria izango da.
Neurketa hasi aurretik ezinezkoa zirudiena lortu zuen Caparrosen taldeak. Camp Noutik bizirik ateratzea baino askoz gehiago. Atea hutsean mantendu eta kanporaketa San Mamesen erabakitzea lortu zuen. Horretarako, Caparrosen aginduetara defentsan egin duen neurketarik osoena jokatu zuen Athleticek. Txapela kentzeko moduko lana egin zuten lehoiek. Jokatzeko aukera izan zuten hamahiru futbolariek. Beldur zirenzaleak. Eta, seguruenik, jokalariak eurak ere bai. Ikaraz, aurrean futbolaren historian sekula egon den talderik osoenetako bat zutela jakinda. Baina, batez ere, zuri-gorrien sendotasun ezak sortzen zuen kezka. Ligan opari gehien egiten duen taldeen artean dagoen taldea delako. Baina Camp Noun ezohiko Athletic ikusi genuen. Serioa. Gutxitan ikusten den horietakoa. Jakinekoa zen lan aparta egin ezean ez zegoela zereginik. Eta lan ona egin arren ere galtzea zela normalena. Zorionez, Athleticek orain arteko partidarik borobilena egin zuen defentsan eta, era berean, Bartzelonak ez zuen bere ohiko distira erakutsi.
Pep Guardiolaren taldeak atzo erabaki gura zuen kanporaketa. Horretarako, egun bizi duen une gozoa baliatu gura zuen. Kanporaketa bideratuz gero itzulikoa lasai prestatzeko aukera izango luke Bartzelonak. Baina, era berean, Guardiolak bazekien ez zela komeni etxeko lanak San Mameserako lagatzea. Katedralean jokatzea ez dela erraza, alegia. Bartzelona Athletic baino gehiago izan arren, ez da inoren gustukoa izan behar kanporaketa San Mamesen jokatzea. Badaezpada.
Igor Martinez eta Iturraspe izan ziren Caparrosen hamaikakoko nobedade nagusiak. Aurrelari arabarrak Llorenteren lekua bete zuen. Bere eginbeharra argi zegoen. Bartzelonaren atzelariak eta erdilariak estutu eta ahal izanez gero kontraerasoa baliatuta Pintoren ate inguruan arriskua sortzea. Entrenatzaileak Iturrasperen alde egin zuen apustua harrigarriagoa izan zen. Erdilariak oso gutxi jokatu du orain arte, eta ez zirudien Caparrosen konfiantzarik zuenik. Ba atzo euskarri bien aurretik aritu zen lotura lanak egiten. Eta oso txukun aritu ere. Baloiaren jabetza izan zuen apurretan ondo jokatu zuen. Abadiñokoarentzat norgehiagoka garrantzitsua izan daiteke galdutako konfiantza berreskuratzeko.
Dena dela, ez litzateke zuzena izango futbolari bakar bat nabarmentzea. Guztiek egin zuten lan bikaina. Elkarri asko lagunduta oso leku gutxi utzi zieten aurkariei euren ohiko jokoa egiteko. Bartzelonak aukera on bi baino ez zituen izan neurketa osoan zehar: Iniestak area kanpotik egindako jaurtiketa bat lehen zatian, eta Piquek neurketaren hondarrean egin zuen erremate bat. Erdiko atzelariaren aukera izan zen onena. Arrazoiak? Athleticek egindako lan bikaina batetik eta Messiren hutsunea bestetik. Bartzelona goi mailako taldea da baina argentinarrak jokatzen ez duenean asko galtzen du. Lurretik gertuago dagoela dirudi. Izan ere, ohiko den legez, lehen minututik izan zen baloiaren jabe. Neurketa hasieratik kontrolatu zuen eta ez zion Athletici aurrera egiteko aukera txikiena eman. Baina area inguruan zerbait falta zitzaion. Deabru txikiaren magia, hain zuzen ere. Taldeak zuen gabezia ikusita, Guardiolak bigarren zatia hasi bezain pronto zelairatu zuen. Ordutik aurrera zulo gehiago aurkitu zituen etxeko taldeak Athleticen armiarma sarean, baina ez zen nahikoa izan. Besteak beste, zuri-gorriek oso ondo zaindu zutelako Messi. Bartzelona kontrolpean izatearekin nahikoa lan izan zuten. Zuri-gorriak oso gutxitan hurbildu ziren Pintoren atera. Gurpegik buruz egindako erremate bat izan zen aukerarik onena. Bakarra.
Bizirik eta ilusioz gainezka
Athleticek defentsako lan aparta eginda eten du Bartzelonaren erasorako grinaFinal-zortzirenetako kanporaketa zabalik dago eta itzulikoan ikaragarria izango da San Mamesen egongo den giroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu