Hegoafrikako Munduko Kopan ari diren herrialdeen artean handiena eta txikiena aritu ziren atzo elkarren kontra Johannesburgoko Ellis Park estadio historikoan: AEBak eta Eslovenia. Egokiera ederra zuten biek aurreraka urratsa egiteko, berdindu egin zutelako AEBek lehen jardunaldian eta irabazi Esloveniak. Jokoan zutenaren jakitun zelairatu ziren bi taldeak eta partida bizia eta gorabehera handikoa eskaini zuten.
Lehen ordu-laurdena bete gabe zegoela sartu zuen Esloveniak bere gola. Valter Birsa Auxerreko jokalaria itxuraz arriskurik ez zeukan baloira iritsi zen, AEBetako atzelariek utzi zioten denbora hartu eta baloia bere ezker hankaren parean ongi jartzen, eta haren zartakoa ezin izan zuen Howardek gelditu. Sari handia zen. Intentsitatea bai, baina distira gutxi baitzuen ordura artekoak. Kontrarioaren sormena apurtzeko ari ziren guztiak lanean eurena baliatzeko baino gehiago. Eslovenia ari zen hobeto. Bradleyk Torresi eman zion atzo taldea zuzentzearen ardura eta ez zuen Torresek asmatu. Tokia galtzen hasita zeuden estatubatuarrak eta gola jasotakoan erabat galdu zuten. Ez da haiengan oso ohikoa, baina amore emandako taldearen itxura hartu zuten 20 minutuz. Baloia eta zelai erdia kontrarioari eman zizkioten.
Kosta zitzaien estatubatuarrei erreakzionatzea, baina bigarren zaplaztekoa jaso zutenean erreakzionatu zuten erabat. Ljubijankicen gola izan zen zaplaztekoa. Aurreko jokaldian Donovanek ez zuen bere aukera profitatu, eta Esloveniak antolatutako kontraerasoan, hiru pase emanda, Ljubijankicek sartu zuen bere selekzioari abantaila handi samarra ematen zion gola. Atsedenaldirako minutu baten faltan izan zelako bigarrena eta ez zitzaiolako kontrarioari partidari buelta emateko gaitasunik ikusten. Ez zen, ordea, horrela izan.
Aldaketak egin zituen Bradleyk atsedenaldian: Torres eta Findley kendu eta Edu eta Feilhaber sartu zituen. Beste itxura bat hartu zuen partidak. Aldaketa horiei esker bai, baina Donovanek hasi eta hiru minutura sartutako golari esker ere bai. Kale edo bale jokatzea erabaki zuten AEBek eta erronkari heldu zion Esloveniak. Aukerak sortu ziren zelaiaren alde batean eta bestean. Erabat bizitu zen norgehiagoka. Erotu. Eta eromenean AEBek asmatu zuten. Bradleyrena izan zen gola -hark sartu zuen Ingalaterraren kontrakoa ere- ongi antolatu eta gauzatutako kontraerasoan egina.
Ez zen partida geldotu. Denean izan ziren aukerak. Radosavljevicena eta Novakovicena Howardek gelditu zituen, eta Bradleyk izandako onena epaileak utzi zuen baliorik gabe. Partidari erabat buelta eman ez izanaren penaz gelditu ziren AEBak, baina bi taldeek jarraitzen dute bizirik.
Bizirik jarraitzen dute biek
Esloveniak ongi bideratu du partida 2-0 jarri denean, baina AEBek buelta eman diote lehiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu