pilota

Bizkaia frontoiaren kudeaketa pribatua izango da

Foru Aldundiak ia 25 milioi euro xahutu ditu Miribillako pilotalekua egiten. Hilaren 19an jokatuko dute aurreneko partida.

2011ko martxoaren 5a
18:18
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak 24,4 milioi euro xahutu ditu Bilboko Miribilla auzoko Bizkaia frontoia egiteko —BEZik gabe—, baina pilotalekuaren kudeaketa elkarte pribatu baten esku egongo da. Aldundiak prest dauka deialdia, eta laster argitaratuko du. Adjudikazioa udaberrirako egitea aurreikusten dute, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak gaur esan duenez. "Kudeaketaren bokazioa luzera begirakoa da".

Frontoia egiteko lurra Bilboko Udalak eman zuen, eta Iñaki Azkuna alkateak gustura bukatu du lanarekin, "zoragarri" geratu baita pilotalekua. Haren arabera, azpiegiturak "Bizkaian pilota suspertzeko balio dezake". "Bazen garaia: badaukagu frontoia", esan du. "Telebistan pilota ikusten inbidia pasatzen nuen".

Hilaren 19an izango da lehen partida, esku pilotakoa. Hain zuzen, Lehen Mailako Binakako Txapelketako finalerdi bat jokatuko dute. Finala ere bertan jokatuko dela espero dute —apirilaren 17an—.

Pilotalekuak hiru mila lagunentzako tokia du. Trinketeko gune bat ere badauka, 458 ikuslerentzako, eta Kirol Etxea ere bai —han egongo dira herrialdeko hainbat kirol federazioren egoitzak—. 2007an ekin zieten lanei.

Hilario Azkarate, Jesus Garcia Ariño eta Iñaki Gorostiza bizkaitar pilota ohiak ere izan dira gaurko ekitaldian, besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.