Bizkaiko Aldundiak 2,5 milioi euro emango dizkio urtero Athletici hurrengo lau denboraldietan. Publizitate akordioa da, taldeak aldundiaren ikurra eramango baitu bai jokatzeko eta bai kaleko arropan, eta San Mames eta Lezamako markagailu eta karteletan agertuko da. Kopurua aurreko kontratukoa baino txikiagoa da, taldeak lehen hiru milioi euro jasotzen zituelako urtero.
Athleticek eta Bizkaiko Aldundiak atzo sinatu zuten akordio berria. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak aitortu zuen«batek baino gehiagok» galde dezakeela nola erabil daitekeen diru publikoa halako akordio baterako, baina «inbertsioa» dela defendatu zuen, «askogatik» berreskuratzen dena. Era berean ukatu egin zuen neurria «gutizia», «forofismo ekintza» edo «kazikeria» izatea. «Bizkaiaren irudia zabaltzeko aukera bat da», azaldu zuen, «nazioarteko hedadurako marka moduan».
Akordioak ere badu bitxikeria, Athleticek tituluren bat irabazi eta gabarra ureratzen badu ontzian bi ikur bakarrik agertu ahal izango direlako: taldearena eta Bizkaiarena. Bilbaok aurreratu zuenez, ez da ñabardura txikia, «aurten bi titulu irabaziko ditugulako». Josu Urrutia taldeko presidenteak, berriz, «Athletic bizkaitar guztien ondasuna» dela nabarmendu zuen eta, izenaz gain, lurraldearen «balioak» ere zabaltzen dituela.
Aldundia, hala, taldeari diru gehien ematen dion babeslea izango da aurrerantzean era. Dena dela, Petronorren izena ageri da elastikoan, urtero 2,1 milioi euroren truke. BBK-k,berriz, ia bi milioi euro ematen dizkio urtean, eta San Mames Barriaren egitasmorako 55 milioi euro jarriko ditu.
Errespetua Schalkeri
Markel Susaetak atzo adierazi zuen Athleticek bihar Schalkeren aurka «txorakeriarik gabe» jokatzera irten behar duela, eta errespetu handia diola aurkariaren eraso ahalari. «Aukera erdiarekin gola egiteko gai dira; 2-4ren aldea izan arren, ezin gara despistatu». Bestalde, UEFAk hala aginduta, bihar ez da sarrerarik egongo salgai; dena den, litekeena da denak gaur amaitzea.
Bizkaiko Aldundiak 2,5 milioi euro emango dizkio Athletici urtero
Aurreko publizitate akordioarekin baino 500.000 euro gutxiago jasoko ditu taldeak, eta lau urterako sinatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu