FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko jarduneko presidente Joseph Blatterren aurkako auzibidea zabalduko du Suitzako Fiskaltzak. Ohar batean azaldu duenez, uste dute Blatterrek "kudeaketa desleiala" egin zuela eta "konfiantza abusuz" jokatu zuela. Fiskalak gaur galdekatu du, eta FIFAren egoitza miatu dute.
Michael Lauber fiskal nagusiak ekainean jakinarazi zuenez, FIFAren 53 kontu ari dira ikertzen, 2018ko eta 2022ko munduko kopen aukeraketan ustelkeria eta diru zuritzea egon ote zen argitzeko.
Blatterrek 79 urte ditu, eta 1998az geroztik da FIFAko presidente. Maiatzean izendatu zuten berriro presidente, baina astebetera iragarri zuen dimisioa. Otsailaren 26an egingo dute hura ordezkatzeko bozketa.
FIFAko zazpi goi kargudunen atxiloketak piztutako eskandaluaren ostean heldu zen Blatterren izendapena eta haren dimisioa. AEBetako Justizia Departamentuak aginduta, Suitzako Poliziak FIFAko zazpi goi kargudun atxilotu zituen maiatzean, 1990eko hamarkadaz geroztik ustelkeria eskema batekin lotura izatea leporatuta.