Batzuk hondartzako edertasunari begira, eta besteak liderraren maillota lortzeko lehian. Horrela hasi da Espainiako Vuelta. Sailkapen nagusirako denbora galerak ez zituztela kontuan hartuko jakinarazi zuten bezperan epaileek, eta talde dezentek baliatu dute aukera 7,4 kilometroko ibilbidea lasai ederrean egiteko, Cannondalek, Skyk eta Giantek, esaterako.
Profesionaltasun handiarekin, etapa irabazteko lehian sartu dira beste asko, eta BMCk egin du denborarik onena (8.10), Tinkoffi segundo eskaseko aldea aterata (8.11). Taldearen lan onari esker, Peter Velits abiatuko da bihar liderraren maillotarekin, nahiz eta txirrindulari bakar batek ere ez duen izango gaurko denbora galerarik. Alhaurin de la Torre eta Caminito del Rey artean, 158,7 kilometro dauzka biharko etapak, eta gorako joera daukate azken 3,5 kilometroek.