BMC Racing taldeak ohar baten bidez jakinarazi du Samuel Sanchez taldetik bota duela dopin positibo kasu bategatik. "Dopinarekin zero tolerantzia" argudiatu du BMC Racing taldeak txirrindulariaren kontratua eteteko.
Abuztuaren 9an hartutako lagin batean eman zuen positibo Sanchezek. GHRP-2 hormona atzeman zioten, debekatutako sustantzien zerrendan dagoen bat. Abuztuaren 17an jakinarazi zuten positiboa, eta, ondorioz, Sanchezek ezin izan zuen Espainiako Vueltan parte hartu, BMC Racingeko Sanchezek adierazi zuen positiboak ezustean harrapatu zuela, eta errugabea dela esan zuen. "Erretiratzekotan nago. Zertarako sartu behar dut hori".
Orain, bigarren azterketak positiboa berretsi du, taldeak jakinarazi duenez. UCIk emaitza hori ofizialki jakinaraztea falta da. Positibo horrekin Sanchezen kirol ibilbidea amaitutzat eman daiteke, 39 urte baititu. Hormona horrek giharra berregiten leguntzen du, eta Stefano Pirazziri lau urteko zigorra ezarri diote hori erabiltzeagatik.
Espainian jaioa da; bere kirol ibilbidea Euskal Herrian egin du Sanchezek, eta urte askoan Gueñesen bizi izan da. Euskaltel-Euskadiren ikurretako bat izan zen, eta Frantziako Tourreko etapa bat eta Vueltako bost irabazi zituen elastiko laranjarekin. Espainiako selekzioarekin Pekingo Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen 2008an. Euskaltel taldea desagertu zenean, 2014an, BMC Racingek fitxatu zuen.