Ilusioa. Hitz magikoa denboraldi hasiera guztietan. Jardunaldien joan-etorriaren arabera, irauten duena edo iraganeko zurrunbiloan desagertzen dena. Ilusioa zuten Donostian eta Gipuzkoan orain dela hilabete, eta ilusio handiagoa dute orain. Urria hilabete oparoa izan daiteke, Lagun Aroren historiako onena, 4-1 balantzearekin biribiltzen badu. Ez da marka bakarra. Gipuzkoarrek ez dute inoiz lau garaipeneko boladarik izan, eta aukera ezin hobea dute arratsaldean. Neurrian baloratu behar da Lagun Arok errenkadan lau partida irabaztea, bolada horiek baitira talde txikiak handi bilakatzeko bide laburrena.
4-1 balantzeak asko esan nahi du. Taldeari konfiantza ematen dio, fedea. Jokalariek lan ona egiten ari direla dakite, eta duten baino gehiago ematen dute. Jaitsieraren mamua beti egongo da presente, zuhurtziaren diskurtsoa bezala, baina errealitatea ez dator bat horrekin, zuhurtzia horrekin. Amets egitea ez da txarra, neurrian bada, eta Lagun Arok amets egiteko sari gozoa irabaziko du Valladolid mendean hartuz gero. Amets egin ligako azken herenean komeriarik ez pasatzeko. Edo Kopan sartzeko erronka bizi-bizi mantentzeko. Zergatik ez? Hilabete bikaina izan da urria, eta zergatik ez dira besteak antzekoak izango?
Laugarren garaipena lortzeko aukerak ez du esan nahi lortuta dagoenik, ezta gutxiago ere. Baliteke aurkari samurraren traza edukitzea Valladolidek, baina hori ez da egia. Espainiarrek Lagun Aroren balantze bera dute, 3-1, eta bikain hasi dute liga. Joan den igandean Bizkaia Bilbo Basketi irabazi zioten etxean, eta orduan argi geratu zen zeintzuk diren Porfi Fisacen taldearen baliabideak: defentsa, defentsa eta defentsa.
Ligako defentsa onenetan bigarrena du Valladolidek. 67,7 puntu bakarrik hartu ditu lau partidatan, eta hori oso marka ona da. Presio zorrotza egiten diote aurkariaren taldeko joko antolatzaileari, eta adi ibili beharko dute Salgadok eta Urizek, eta bikote hori babesteko zeregina izango duten taldekideek. Emandako baloien estatistika erabakigarria izango da, eta Pablo Lasoren taldeak arazo handi samarra du alor horretan. Ia 18 baloi ematen ditu partidako, eta etekin handia atera diezaioke Valladolidek horri.
Talde orekatua
Valladolidek talde orekatua du, baina kanpoko lerroan du arrisku handiena. Bi joko antolatzaile on ditu: Maxi Stanic argentinarra eta Stephane Dumas frantziarra. Eskolta postuan aritzen direnak ere ez dira herrenak: Van Lacke eta Diego Garcia argentinarrak. Hirukoetan oso iaioak dira bi hegoamerikarrak. Isaac Lopez eta Jason Robinson aritzen dira hegalekoetan, Nacho Martinekin batera, eta saskipean denetarik dute: indarra eta potentzia Lamont Barnes eta Marcus Slaughter estatubatuarrekin, eta borroka Eulis Baeze dominikarrarekin -zalantzan dago hori gaurko-.
Lagun Aron, jokalari guztiak daude kantxaratzeko prest. Andy Pankok sukarra eduki du aste honetan, baina garaiz osatu da. Eskatzeko baimenarekin, oraingoz talde dinamikan sartu ez diren jokalari batzuk dinamika horretan sartzea eskatu du Lasok; Domen Lorbek, batez ere. Aurreko lau partidetan bezala, puntuak asko banatzea funtsezkoa izango da.
LAGUN ARO-VALLADOLID
Txapelketa. ACB ligako bosgarren jardunaldia.
Lagun Aro GBC. Uriz, Salgado, Lasa, Baron, Sanchez, Lorbek, Panko, Tsikitixvili, Miralles, Doblas eta Kone.
Valladolid. Stanic, Dumas,Van Lacke,Garcia, Isaac Lopez, Robinson, Baez, Nacho Martin, Barnes, Edu Ruiz eta Slaughter.
Sailkapena. Bosgarren postuan dago Lagun Aro: 3-1 (+31); Balantze bera du Valladolidek: 3-1 (+13)
Lekua. Donostia Arena 2016 (10.700 ikusle).
Ordua. 18:00.
Bolada bikaina, amets egiteko
Lagun Arok laugarren garaipena lortuko du jarraian, historian lehen aldiz, gaur Illunben Valladolidi irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu