Bolada on baten premian

Osasunak Valladolidi irabazi nahi dio gaur Iruñean, Ligan Sevilla, Bartzelona, Real Madril eta Vila-realen aurka jokatu aurretik

2008ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Denboraldi honetan final asko jokatzen ohitu beharko du Osasunak. Liga amaitzeko oraindik denbora asko geratzen den arren, iritsi dira lehendabiziko finalak gorritxoentzat. Urtarrileko aldapa gogorra izango da nafarrentzat -Athleticen aurkako Kopa kanporaketa ez ezik, Sevilla, Bartzelona, Real Madril eta Vila-real hartuko dituzte, Ligan 2009ko lehen hilabetean-, eta aldapari ekin aurretik indarrak, puntuak, hartzera behartuta dago Iruñeko taldea. Urtea amaitu aurretik bi partida jokatuko ditu etxean, Valladoliden eta Getaferen aurka, eta tartean azken sailkatuaren zelaira joan beharko du, Recreativoren zelaira. Ezin da ukatu Osasunaren etorkizuna erabaki dezaketela hurrengo hiru partidek, eta lehen pausoa gaur bertan eman behar dute gorritxoek Valladolidi irabazita.

Helburu hori lortzeko Nafarroako Erresumako giroari eutsi nahi diote nafarrek. Zaleen babesarekin errazagoa izango da sailkapeneko zulotik aldentzea, eta hori badakite Camachoren jokalariek. Ligako hamahiru jardunaldietan irabazitako partida bakarra etxean jokatutako azken partidan iritsi zen nafarrentzat: 3-1 menderatu zuten Almeria orain bi aste. Eta orain Valladolid mendean hartuta, Nafarroako Erresuma gotorleku bilakatzen hasteko lehen pausoekin jarraitu nahi dute. Liga amaitu aurretik hamahiru norgehiagoka jokatu beharko ditu Osasunak Nafarroako Erresuman, eta etxean kale egiterik ez dago aurrerantzean. Etxeko partida guztiak irabaztea mailari eusteko nahikoa izango ote den galdetuta, argi hitz egin zuen Camachok atzo: «Ni ez naiz konformatzen erraza, eta partida guztiak irabazi nahi izaten ditut beti. Etxetik kanpo baino hobeto ari da taldea etxean ni hemen nagoenetik, aurkaria estu hartzen dugu, gola sartzeko aukera ugari izaten dugu, eta guri, berriz, aukera gutxi egiten dizkigute. Bide horretatik jarraitzea da gakoa etxeko lehietan, baina ez dut pentsatu nahi etxekoak irabaztea nahikoa izango ote den edo ez den. Beste taldeak gu baino hobeak ez direla esaten dugu sarri, baina guk baino puntu gehiago dituzte, eta zerbaitegatik izango da».

Valladolid hazita iritsiko da Iruñera, gainera, Nou Campen Bartzelonaren aurka 6-0 galdu arren, Sevilla, Real Madril eta Vila-realen aurka bederatzi puntu batzetik baitator. «Adorez gainezka etor daiteke Valladolid, baina badakite aurkari zaila garela eta ez dutela erraza izango gure zelaian puntuak batzea, lana erruz egin beharko dute gure zelaitik punturen batekin alde egiteko», esan zuen Camachok horren harira.

Eta Valladolid mendean hartzen ahalegintzeko aldaketa dezente egingo ditu Camachok hasierako hamaikakoan: Roberto, Monreal, Ezquerro eta Dady izango dira berritasunak, Ricardo, Oier, Masud eta Portilloren kaltean. Roberto eta Monreal osatu dira, eta biak hasieratik ariko dira gaur, eta aurrealdean hamaikagarren proba egingo du Camachok: Dady eta Ezquerro elkarren ondoan jarriko ditu lehen aldiz.

Monrealen itzulera nabarmendu zuen Camachok. «Natxo oso garrantzitsua da, zerbait ezberdina emango digu ezker hegalean», esan zuen, baina esaldia amaitu aurretik azken bi hilabeteetan Monreal ordezkatu duen jokalariarentzat ere laudorioak bota zituen: «Dena dela, Oierrek egin lanarekin oso gustura nago, eta Oierrek oraindik ere talde honi ekarpen garrantzitsua egingo diola uste dut». Sanjurjok Osasunako jokalarien ohiko grina eta indarra erakutsi ditu, eta lehen taldean jarraituko du. Gaur ez du hasieratik jokatuko, baina ordezkoen aulkian egongo da. Valladolidek, berriz, bi hutsune garrantzitsu izango ditu: Sergio Asenjo atezaina eta Alvaro Rubio euskarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.