FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BIGARREN MAILA. ALAVES

Bolada onarekin jarraitzeko aukera du Alavesek bihar Terrassaren aurka

Jon Rejado.
GASTEIZ
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Etorkizuna apur bat gehiago argitu dezake Alavesek bihar Terrassaren aurka garaipena lortuz gero (18:30ean, ETB 1). Azken bi jardunaldietako partidak irabazi ondoren, hirugarren postura nabarmen gerturatu da, eta gaur irabaziz gero, azkenaurreko pausoa izan daitekeena eman dezake. Sailkapena ikusita, gauko partida erraza izan daitekeela pentsatu daitekeen arren aurkaria 18. postuan dago, Alavesek lan eskerga egin beharko du, Terrassak maila aparta izan baitu denboraldi osoan zehar bere zelaian.

Alavesen gaurko aurkariaren egoera etxetik kanpo puntuak lortzeko ezintasunaren ondorioa da. Etxean, ordea, zortzi garaipen lortu ditu, eta berdinketa bat, haien mailaren berri argitzen duena. Zuri-urdinek, ordea, haien nagusitasuna agerian uzten saiatuko dira, ezin baitute huts gehiegi egin Lehen Mailarako bidean mantendu nahi badute. Chuchi Cos entrenatzaileak ohiko sistemari eutsiko diola jakinarazi du, hasierako hamaikakoan aldaketak egin ditzakeela aurreratu duen arren.Aldaketa euskarrian egon daiteke, Astudillok sasoia berreskuratu ondoren hamaikakora itzuli baitaiteke Papa Sarr edo Carpinteroren ordez. Erasoan ere Quique de Lucasek Santamariaren tokia hartu dezake, Alaveseko entrenatzaileak ezer jakinarazi ez badu ere.

Thiawk ez du denboraldia amaitzerik izango

Terrassan jokatzeko aukerarik izango ez duena Pape Thiaw da. Alaveseko aurrelariak ez du sasoi honetan gehiago jokatuko, belauneko lesioaren ondorioz. Klubeko sendagileek ebakuntza egitea gomendatu zioten belauna osatzeko, baina beste sendagileekin hitz egin ondoren belauna indartzeko lan berezia egitea erabaki du horren ordez. Entrenatzerik ez du izango, eta Alavesek jokalari garrantzitsua galdu du erasoan maila mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.