Hondoa sakonagoa ezin dela izan pentsatuta joango dira zaleak Illunbera gaur eguerdian. Taldea amildegiaren ertzean utzi duen bolada gaiztoak gaur bukatu behar duelako itxaropentsu. Izan ere, Lagun Arok zazpi partida galdu ditu jarraian, eta denboraldia bukatu bitarte, jaisteko postuak saihestea beste helbururik ez du edukiko. Inoiz baino ilusio handiagoa piztu zen sasoian baieztapen hori egitea gogorra da, baina horixe daukagu. Gipuzkoarrek ez dute inolako aukerarik zortzi onenen multzora iristeko, eta azken hiru hilabeteak etsigarri samarrak izango dira alde horretatik.
Hilabete eta erdiko bolada txarrak du horren errua. Zazpi partida, zazpi porrot. Aurreko sasoian bezalaxe, eta garai berean: taldeak Kopa jokatzeko aukera zuenean. Zergatik, ezin jakin zehatz, baina taldeak abenduan eta urtarrilean behera egiten duela ezin ukatu. Behera, eta nola gainera! Min egiten duten porrotekin, eta jokalarien jarrera trakets samarrarekin. Galdutako zazpi partida horietatik lau etxean izan dira, eta zeresan handia eman zuen azkenak, Fuenlabradaren aurkakoak. Gaur Menorca dator Donostiara, irabazi beharreko partida, Lagun Aro arrisku larrian geratuko delako galtzekotan.
Lasoren taldeak itxura hobea eman zuen igandean Sevillan, baina itxura onak ez du garaipenik ematen. Entrenatzaileak jokalariak motibazio onarekin ikusi dituela esan du, ahaztua dutela Fuenlabradaren aurkako porrotak eragin zuen atsekabea, eta garaipen garrantzitsu bat lortzeko unea dela. Partida hasiera erabakigarria izango da, Menorcak etxekoak urduritu eta markagailuan aurrea hartzen badu zaleek patxada gal dezaketelako.
Egiari zor, eta boladak bolada, Lagun Aro da faborito, jokoko estatistika guztietan Menorca baino hobeto ari delako. Donostiarren artean inork ez du arazo fisikorik. Menorcari dagokionez, bi jokalari kili-kolo dabiltza: Diego Ciorciari joko antolatzailea eta Raviv Limonad hegalekoa. Ezin ahaztu ACB ligan ari diren hiru gipuzkoarretako bat etxera bueltatuko dela gaur: Urko Otegi.
Bolada txarra eta jaisteko mamua uxatu nahi ditu Lagun Arok
Gipuzkoarrek lau dema galdu dituzte jarraian etxean, eta Menorcaren aurka galtzea oso larria litzateke (12:30, ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu