Diego Rivas. Realeko jokalaria

«Bolada txarretan desegiten ez direnek lortzen dute helburua»

Emaitzak alde batera utzita, Diego Rivasek ez du uste Realak nabarmen behera egin duenik, eta konfiantza azaldu du taldean. Bere etorkizunaz, berriz, ez du ezer esan nahi, eta aitortu du Martin Lasarterekin akordio bat duela gai horretaz gehiago ez hitz egiteko.

Diego Rivas eta, haren atzean, David Zurutuza, denboraldi honetan Zubietan egindako entrenamendu saio batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hurrengo denboraldian non jokatuko duen ez daki Diego Rivasek (Ciudad Real, Espainia, 1980). «Argi dago nire egoera ez dela egokiena, baina halakoak normalak dira futbolean, eta eguneroko lanari erreparatzen saiatzen naiz. Hori da nire eginbeharra. Ekainaren 30a arte Realeko jokalaria izango naiz, eta Realaren alde dena eman eta partida bakoitza gozatu nahi dut, orain arte bezala». Eztabaida handia sortu du Rivasen etorkizunak, baina bazterrak ez ditu nahastu nahi erdilariak: «Entrenatzailearekin akordio bat egin nuen horri buruz ez hitz egiteko, eta bete egingo dut», esan dio BERRIAri. Luze eta inolako arazorik gabe mintzatu da taldearen jardunaz, ordea.

Oso garrantzitsua dirudi Realak bihar jokatuko duen partida, arrazoi askogatik.

Bai. Aurkariagatik eta daramagun emaitza boladagatik. Ñabardura askoko norgehiagoka da. Erabakigarria ez da, baina bai oso garrantzitsua.

Garaipena behar duzue konfiantza berreskuratzeko?

Batez ere ingurua lasaitzeko oso mesedegarria izango litzateke. Lasai egoten saiatuta ere, inguruak beti eragiten dizu, eta egunero gauza bera entzuteak nolabaiteko urduritasuna sortzen dizu.

Nola ikusten duzu Racing?

Entrenatzaile berriak bestelako dinamismo bat eta freskotasun bat eman dio. Gauzak beste era batera egiten ari da, eta badirudi mesede egin diola. Emaitzetan ez da hainbeste ikusi, maila handiko aurkariak izan dituelako. Mailari eusteko helburua duten talde guztiek bezala, etxean oinarritzen du ia guztia. Indar handia jartzen du jokoan, eta aurkariari sufriarazten dio.

Nola jokatu behar du Realak?

Racingen hasierako bultzadari aurre egin, baloi arriskutsuak ez galdu, eta hortik aurrera, partida orekatu eta geure jokoa ezarri. Denboraldi guztian egin duguna egin behar dugu. Ez dakigu beste era batera jokatzen. Racingek jokalari onak dauzka, baina talde izaeragatik nabarmentzen da. Guk ezin dugu gutxiago izan.

Realzale asko joango omen dira Sardinerora.

Garrantzitsua da. Argi dago bidaia errazagoa dela jendearentzat gertutasunagatik, baina beste norgehiagoketan ere babesa sumatu dugu. Eskertzekoa da. Malagan ere jarraitzaile asko izan ziren, tokitan egon arren.

Beste kutsu bat ematen dio partidari datorren astean Ligarik ez egoteak?

Onuragarria izango litzateke bi aste horiek lasai igarotzea, eta fisikoki eta mentalki pilak kargatzeko aprobetxatzea, Ligaren azken laurdenera sasoi betean iristeko.

Zer moduz iritsi zarete denboraldiko azken txanpara?

Igandean zer gertatu zain, bederatzi puntuko abantaila dugu. Nahiko abantaila erosoa da. Liga amaitzeko hamar partida falta direla, hiru partidako aldea dugu, eta alde horri eutsi edo handitu nahi dugu.

Hobeto egoteko aukera asko galdu izanaren sentipena duzue?

Argi dago etxean azken bi norgehiagoketan ihes egin dizkiguten bost puntuak lortu izan bagenitu askoz hobeto egongo ginela, baina ezin dugu ahaztu igo berriak garela, Lehen Mailan tokia egin nahian gabiltzala, eta pausoz pauso joan behar dugula. Beti esan dugu helburua mailari eustea dela, eta, behin hori lortuta, gora begiratzen hasiko ginela, baina hau Lehen Maila da, eta gauza bat ziurtatu arte ezin zara hasi bestelakoetan pentsatzen.

Lanak burutzea da askotan zailena.

Bai, baina baita gozagarriena ere. Lehenbailehen lortzen saiatuko gara, azken txanpaz gozatu ahal izateko.

Kalte egin zizuen taldearen helburuen gainean piztuzen eztabaidak?

Halakoak alde batera uzten saiatu gara. Helburua bata edo bestea izatea, gure asmoa beti da irabaztea, baina badakigu hori ezinezkoa dela. Nahiko pozik gaude egiten ari garen lanarekin. Aurreko sasoiko jokalari multzoarekinnahiko txukun ari garela uste dut. Beti nahi dugu gehiago, eta badakigu asko dugula hobetzeko, baina gauzek denbora eskatzen dute. Ez gara konformismoan eroriko.

Kezkatuta zaudete, zuen azken emaitzak eta besteenak ikusita?

Behar bezala gaude: lasaikeriarik gabe, baina alarmismorik gabe ere. Tentsioa ez dugu galdu, eta ez dugu galdu nahi, gero oso zaila delako berriz makinak martxan jartzea. Argi dago behekoak estutzen ari direla. Beti gertatzen da.

Inoiz baino oreka handiagoa dago behean? Denboraldi honetan ez dirudi hilzorian dagoen talderik dagoenik.

Bai. Eta hilzorian daudenek ere ez dute azkenera arte amore ematen, eta sustoak ematen dituzte. Hala egin zuen Xerezek aurreko denboraldian. Goiko bizpahiru taldeak kenduta, oso zaila da emaitzak asmatzea. Edonork irabaz dezake. Faktore asko daude: joko boladak, konfiantza, kanpoan edo etxean jokatzeak… Detaile txikiek erabakitzen dituzte partidak, eta indar handia behar duzupartida zure alde eror dadin.

Nekea pairatzen ari zarete?

Ez gaude ez nekatuta, eta ezta animoz baxu ere. Beti bezala gaude. Hasieran genuen zorte puntu hori falta zaigu. Hasieran gol gutxiago sartzen zizkiguten eta guk nahiko erraz sartzen genituen. Orain, gehiago kostatzen zaigu, eta aurkariek erraz sartzen dizkigute. Malagak bi sartu zituen ia atera gerturatu gabe. Denboraldian gorabeherak daude, eta bolada txarretan desegiten ez direnek lortzen dute helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.