Jose Angel Zigandaren aginduetara lortu zuen Osasunak Lehen Mailan inoiz izan duen garaipen boladarik onena, 2006-07ko denboraldian. 2006ko azken bost jardunaldietan bost partida irabazi zituzten jarraian Zigandak zuzendutako jokalariek, eta marka ezarri zuten. Aurrez inoiz ez zituen Osasunak Lehen Mailako bost partida irabazi jarraian, eta harrezkero ere ez du lortu. Gaur arratsaldean Sevillako Sanchez Pizjuan futbol zelaian irabaziz gero, Jose Antonio Camachoren jokalariek orain arteko markarik onena berdinduko dute. Espanyol, Xerez, Vila-real eta Tenerife mendean hartu ostean, bosgarren partida irabazi nahi dute jarraian nafarrek Sevillan.
Joko ikusgarririk egin ez badute ere, 2010ean emaitza bolada bikainean dira gorritxoak, eta gaur arratsaldeko norgehiagoka irabaziz gero, historiako boladarik onenaren bila jarraitu ahal izango dute iruindarrek. Horregatik, argi dago erronka zaila dela gaur partida irabaztea. Azken denboraldietan baino ahulago azaldu da Sevilla sasoi honetan etxean jokatu dituen partidetan, hala eta guztiz ere, Manolo Jimenezek zuzentzen duen taldea ligako oilarretako bat da oraindik. Osasunak bere joko mailarik onena egin beharko du gaur Sanchez Pizjuan futbol zelaian irabazi ahal izateko.
Erasoan izango dituzten aukerak baliatzearen garrantzia azpimarratu zuen atzo Camachok. Izan ere, lehen itzulian Nafarroako Erresuman jokatu zuten norgehiagokan erabakigarriak izan ziren erasoan huts egindako golak sartzeko aukerak. Datu hori azpimarratu zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Eta ez zaio arrazoirik falta espainiarrari. Sevillaren aurka lan zaila izan ohi da golak sartzeko aukerak sortzea, eta oso garrantzitsua izango da erasoko aukera apurrak baliatzen jakitea. Halere, atzealdearen sendotasunean oinarritzen du askotan Osasunak arrakasta, eta gaur ere aurkariak bere atean golik ez sartzea izango du helburuetako bat.
Espainiako Ligan gol gutxien jaso duen laugarren taldea da Osasuna. 21 gol besterik ez diote sartu Camachoren taldeari lehendabiziko 21 jardunaldietan. Bartzelonari 11 gol sartu dizkiote, Real Madrili hamabost eta Valentziari hogei. Osasuna dago laugarren tokian. Sevillari, esaterako, 24 gol sartu dizkiote sasoi honetan, gorritxoei baino hiru gehiago.
Irabazi berri dituen azken lau partidetan gol bakarra sartu diote Ricardori, Osasunako atezainari -tarte berean zazpi gol sartu dizkiote Sevillari-. Espanyol, Vila-real eta Teneriferen aurka hutsean eutsi diote gorritxoek ateari. Gaurko lehian ere garrantzitsua izango da atea ondo zaintzea, aurrean Kanoute, Negredo eta Luis Fabiano izango baitute.
Camachok ez du argibiderik eman hasieratik zelairatuko duen hamaikakoaren inguruan, baina argi dago aldaketa bat baino gehiago izango direla gorritxoen hasierako hamaikakoan. Teneriferen aurkako partidan zelairatu zuen hasierako hamaikakoarekin alderatuz gero, derrigorrean bi aldaketa egin beharko ditu Osasunako entrenatzaileak. Carlos Aranda aurrelariak eta Cesar Azpilikueta atzelariak partida bateko zigorra bete beharko dute, txartel pilaketaren ondorioz. Hirugarren aldaketa zelaiaren erdian izango da: Teneriferen aurka atseden hartu ostean, hasierako hamaikakora itzuliko da Patxi Puñal, Ruperren kaltean.
Masud edo Vadocz aurrean
Jon Etxaidek izango du Azpilikueta ordezkatzeko ardura -neguko fitxaketa epean Huescatik Osasunara itzuli zenetik lehendabiziko aldiz ariko da ligan-, baina Carlos Arandaren hutsunea betetzeko bi aukera ditu Camachok. Lehen irtenbidea honakoa da: Calleja ezker hegaleko erdilari lanetan jartzea, Camuñas eskuin hegalera igarotzea eta Masudek eskuin hegala utzita aurrean jokatzea. Bigarren aukerak laugarren aldaketa bat ere ekarriko luke: ostegunean Taxoaren eginiko proban Masud irandarra ustezko ordezkoekin utzi zuen eta Vadocz hungariarra kokatu zuen euskarrien aurretik, Pandianirekin lotura lanak eginez. Gaur arratsaldean argituko da zelai erdiko zalantza.
Boladarik onenaren bila
Bosgarren partida irabaz dezake jarraian gaur Osasunak, eta Lehen Mailan inoiz izan duen boladarik onena errepikatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu