Xalak Ekaitz Saralegirekin egingo du topo igandean, lau t'erdikoan, eta bide batez, bere iraganarekin. Eibarko Astelenan jokatuko dute partida, bigarren kanporaketakoa, eta Lekuinekoak ez du ahaztu kaiolan Saralegiren aurka jokaturiko azken partida. 2009an izan zen, eta lur jota bukatu zuen. Hausnarketarako denbora eskatu zuen eta enpresak gora egin behar zuela ohartarazi zion. Orduan aldatu zuen norabidea bere ibilbideak; bolante kolpea eragin zuen partida izan zen. Hartaz geroztik lau final jokatu ditu eta bi txapel jantzi.
Urriaren 18a zen, eta Saralegik 22-14 irabazi zion, Atanon. Lekuinekoak itxura txarra eman zuen, baina ohikoa bilakatua zen txapelketan. 2005etik, lau t'erdiko finala jokatu zuenetik, banakako txapelketa onik jokatu gabea zen, eta 2007ko binakako finala kenduta, binaka ere distira gutxi. Saralegiren aurka galdu ondoren argi gorria piztu zen Aspen. «Zerbait egin behar dugu Yvesekin; egoera konpondu behar dugu. Berarekin hitz egin behar dugu, itolarri hori gainetik ken dezan», adierazi zuen Aspeko kide batek partidaren biharamunean.
Pentsatzeko denbora eskatu zuen Xalak. Berak, halere, gaiari buruz hitz egitean, garrantzia kendu nahi izan dio beti, Saralegiren maila goratu izan du eta lesioei egotzi die txakalaldia. «Herren baten aurka galdu nuela dirudi, eta Saralegik asko jokatzen du», azaldu zion iazko ekainean BERRIAri, bere ibilbideko hirugarren buruz buruko finala jokatu aurretik. 2009an Panpi Ladutxerekin entrenatzeari utzia zion eta bere kasaka ari zen. Hausnarketa egunen ondorio gehiago hurreratu zen enpresara, eta, besteak beste, Justo Lillo Aspeko prestatzaile fisikoarekin lanean hasi zen.
Hilabete gutxi behar izan zituen bilakaeraren fruitua ikusteko. Binakako txapelketa otsailean hasi zuen, Zubietarekin, eta azken txanpa bikaina eginda, txapeldun izan zen. Gero etorri zen buruz buruko finala. Lau t'erdian izan zuen orbana iaz, baina binakakoa ondo prestatzeko denbora eman zion. Finala galdu zuen, buruz buruko txapela jantzi baino hiru hilabete lehenago. Orain hobekuntza hori kaiolan ere ikus dadila da erronka.
Berriz ere Labriten
Asteburuko lau t'erdiko beste partidak Urretxun, Bilbon eta Iruñean jokatuko direla ziurtatu zuen atzo EPELek. Iruñekoa kolokan zegoen, Tolosarako ere partida erakargarria zelako, baina azkenean Bengoetxea VI.ak eta Olaetxeak Labriten jokatuko dute, larunbatean. Egun berean jokatuko dute Berasaluze VIII.ak eta Olaizola II.ak, Bilbon. Jardunaldia, berriz, ostiralean hasiko da, Urretxun, Ederrenan, Aritz Lasa eta Retegi Biren artekoarekin. Gaur hasiko dira pilota aukeraketak, goizez Iruñean (11:30) eta arratsaldez Urretxun (16:00).
Bolante kolpearen eguna
2009an Saralegiren aurka lau t'erdian galdu ondoren, Xalak kirol prestaketa aldatu zuen. Igandean berriz ere elkarren auka jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu