Boli Kosta, Egipto, Angola eta Nigeria dira sailkatzeko faboritoak

Afrika Kopako final-laurdenak jokatuko dira gaur eta bihar. Selekzio bakar bat ere ez da nabarmendu

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Egipto azken txapeldunak, adibidez, final-zortzirenetako ligaxkako hiru partidak irabazi ditu, baina haren jokoak ez du mundu guztia konbentzitu. Boli Kostak jokalari onak dauzka, Nigeriak tradizioa eta Angolak antolatzailearen ilusioa, erasoko joko erakargarriaz gain. Halere, selekzio bakar bat ere ez da gehiegi nabarmendu Afrika Kopako ligaxkan. Final-laurdenetako kanporaketetan, ordea, aipatutako lau selekzioak dira sailkatzeko faboritoak; batik bat, euren kontrarioek baino joko apur bat gehiago erakutsi dutelako orain artean. Gaur eta bihar jokatuko dira final-laurdenak.

Horietako batek eman du atentzio gehien; Egipto eta Kamerunen artekoak. Izan ere, orain bi urteko aldian elkarren kontra aritu ziren finalean. Egiptok aurrera egiteko aukera gehiago dauzka. Kamerun ozta-ozta sailkatu da, eta defentsan talde ahula da. Egipto, ordea, taktika landuta dagoelako, taldea ondo eraikita dagoelako nabarmendu da. Boli Kostak, berriz, talentu eta indar handia dauka erasoan: Drogba, Kone, Kalou... Nahikoa Aljeria mendean hartzeko. Defentsako lan onari esker heldu dira final-laurdenetara, baina ez dirudi Boli Kostari aurre egiteko moduan dagoenik.

Angolak, berriz, historian aurrenekoz finalerdietara sailkatzeko aukera dauka. Ondo ari da erasoan, eta Ghana haren kontrarioak, aldiz, ez du esperotako maila eman. Zambia eta Nigeriaren artekoan Nigeria da faboritoa, Zambia txapelketa txukuna osatzen ari den arren.



Afrika Kopa

FINAL-LAURDENAK

GAUR

Angola-Ghana 17:00

Boli Kosta-Aljeria 20:30

BIHAR

Egipto-Kamerun 17:00

Zambia-Nigeria 20:30
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.