"Mito bilakatzeko beste pauso bat eman dut". Hala esan du Usain Boltek (Jamaika, 1986) Londresko Olinpiar Jokoetako 100 metroetako urrea irabazi ondoren. Duela lau urte Pekinen ikuskizuna eman zuen, 100 metrokoak ez ezik, 200ekoa eta 4x100ekoa ere irabazita, eta hiruretan munduko marka eginda. Londresen, oraingoz, 100ekoan baizik ez du hartu parte, eta bertan, dagoeneko, badu urrea.
9.63ko marka egin du, gainera; inoizko bigarren onena eta olinpiar errekorra. Munduko errekorra berak du —9.58, duela hiru urte egina—. Londresen Pekinen baino denbora hobea egin du —orduan, 9.69—.
Orain arte bi atletek soilik irabazia zuten olinpiar urrea bi aldiz jarraian 100 metrokoan. Archie Hahn estatubatuarra 1900ean eta 1904an nagusitu zen, eta haren herrikide Carl Lewis 1984an eta 1988an. Bolt da hirugarrena.
"Nik pistan hitz egiten dut. Horra eramaten dut energia guztia", esan du.
Yohan Blake (Jamaika) geratu da bigarren Londresko finalean, Justin Gatlin (AEB) hirugarren. Blake aurten Bolti gailendu egin zitzaion, urteko marka onena eginda —9.75—, baina Bolt asko da Jokoetan. Gatlinek badu meritua: 2004an urrea irabazi zuen 100 metroetan, gero bi urteko zigorra jarri zioten dopinagatik, eta oraindik hor da, punta-puntan.
Sailkapena
1. Usain Bolt (Jamaika). 9.63.
2. Yohan Blake (Jamaika). 9.75.
3. Justin Gatlin (AEB). 9.79.
4. Tyson Gay (AEB). 9.80.
5. Ryan Bailey (AEB). 9.88.
6. Churandy Martina (Herbehereak). 9.94.
7. Richard Thompson (Trinidad eta Tobago). 9.98.
8. Asafa Powell (Jamaika). 11.99 —min hartuta sartu da—.