Borreroaren itzulera

Osasunak Racingen aurka jokatuko du gaur, eta irabazten baldin badio, zazpi puntu aterako dizkio

Iruñea
2010eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Azken denboraldietan, Racing mendean hartzeko, arazo ugari izan ditu Osasunak bere zelaian, baina gaur arratsaldeko lehian kale ez egitea komeni zaie nafarrei. Ligako azken bost partidetan hiru galdu eta bi berdindu ostean, jaisteko postuak urrun samar ikusten ditu oraindik Jose Antonio Camachok entrenatutako taldeak, baina datorren asteazkenean Nou Campen jokatu behar dutela aintzat hartuta, Racingen aurka hiru puntuak lortzea derrigorrezkoa da ia-ia nafarrentzat. Gaur galduz gero, astebete barru estu eta larri ibiliko da beharbada Osasuna sailkapenean, eta estutasunik ez pasatzeko, gaur arratsaldeko lehian hiru puntuak batzea oso garrantzitsua izango da. Espainiako Kopako borreroa izango dute aurkari, eta orduan gaizki egindakoak zuzendu egin beharko dituzte gorritxoek Racing menderatzeko, dena dela.

Oroitzapen onik ez dakar Racingek Osasunako zaleentzat. Sasoi honetan Kopako finalerako sailkatzeko itxaropen handia zuten gorritxoek lehen bi kanporaketetan Xerez eta Hercules menderatu ostean, baina final-laurdenetan Racingek kanpoan utzi zuen Osasuna, Santanderren 2-1 eta Iruñean 0-3 nagusituta. Sasoi honetan Kopan ez ezik, azken denboraldietan Ligan ere atsekabe bat baino gehiago eman dizkio Racingek Osasunari, gainera. Aurreko denboraldian 0-1 nagusitu zen Santanderko taldea Nafarroako Erresuman, Jose Angel Zigandak Osasuna zuzendutako azken lehian; duela bi denboraldi 0-2 nagusitu ziren Racingekoak Osasunaren zelaian, eta 2006-2007an ere 0-1 irabazi zuen Racingek Iruñean. Santanderko taldeak Osasunaren zelaian jokatutako azkeneko lau norgehiagokak galdu egin ditu Iruñeko taldeak. Beraz, zazpi gol sartu dizkiote, eta bakar bat ere ez du sartu berak.

Txarrak direnean, estatistikak apurtzeko daudela esan ohi dute futbolariek, dena dela, eta horretan ahalegindu beharko dute nafarrek gaur Racingen aurka. Gainera, Ligan Racing baino hobeto ari da Osasuna sasoi honetan. Osasunak azken bost partidetan garaipenik ez du lortu, baina Racing ere berdin iritsiko da, azken bost partidetan gol bakar bat sartzeko gai ez baitira izan Munitis, Canales, Colsa, Serrano, Tchite eta enparauak. Hiru partida galdu eta bi berdindu dituzte. Une honetan Santanderko taldeak baino lau puntu gehiago ditu Osasunak sailkapenean, eta jaisteko postuetan dauden taldeekiko aldea areagotzeaz gain, Racing aurkari zuzena ere zazpi puntura aldendu dezakete Jose Antonio Camachok entrenatutakoek, eta horixe da asmoa.

«Hara joan izan garenean gauzak ondo egin izan ditugu, eta horretan ahaleginduko gara berriz ere. Kopa eta Liga lehiaketa ezberdinak dira, eta partida honek ez du Kopako kanporaketakoarekin zerikusirik izango, baina Osasunaren zelaian oso emaitza onak lortu ditugu aspaldian eta bide beretik jarraitu nahi dugu», esan zuen herenegun Miguel Angel Portugalek, Racingeko entrenatzaileak. Hori galarazten saiatuko da Osasuna, dena dela. Eta, Camachoren ustez, gola sartzea da gakoa: «Horrela jokatzen jarraituz gero, noizbait irabaziko dugu. Aurkariak baino gehiago izan gara azken partidetan, nagusitu egin gara eta gola sartzeko aukera dezente sortu dugu, baina ez dugu asmatu golak sartzen eta hori da gakoa. Taldearen jokoak bide beretik jarraitzea espero dut, baina aukeretan eraginkorragoak izatea», esan zuen atzo, emaitza bolada txarrean izanagatik zuzendu beharreko oker gutxi ikusten dituela adieraziz.

Pandiani eta Aranda gabe

Denboraldia hasiz gerotik jokatutako 26 jardunaldietan Walter Pandiani eta Carlos Aranda ezinbesteko jokalariak izan dira Osasunaren erasoan, eta lehia batean bakarrik aritu dira gorritxoak bi jokalari horiek gabe: San Mamesen izan zen, hain zuzen, 2009ko azken partidan. Dady eta Camuñas izan ziren Osasunako aurrelariak Katedralean, eta taldeak ederki nabaritu zuen Pandiani eta Arandaren falta; gol sartzeko aukerarik sortu ezinda, 2-0 galdu zuten azkenean. Gaur arratsaldeko lehian ere bi aurrelari titularrak zelaian ez dituela ariko da Camachok entrenatutako taldea, baina, San Mamesen ez bezala, haien hutsunea gehiegi ez nabaritzea izango da gorritxoen helburua Racingen aurkako partidan. Golak sartzeko zailtasun ikaragarriak ditu Osasunak, Racingek bezalaxe, eta ordezkoek ere arlo horretan ekarpena egin dezaketela erakutsi beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.