Urrezko bi puntu, eta sailkapeneko bosgarren postua Amaya Sport San Antoniorentzat. Hori guztia lortu zuten nafarrek atzo, CAI Aragoi mendean hartu eta gero, NUPeko pabiloiko lehen itzuliko azken partidan. Emozioz betetako norgehiagoka izan zen atzokoa, eta iruindarrak izan ziren protagonista nagusiak, zalantzarik gabe. Aurkari sendoa hartu zuen San Antoniok mendean, eta merezi bezala ospatu zuten zaleekin.
Nafarren jarraitzaileen artean, hain zuzen, hitz bera entzun zen atzo, behin eta berriz: ilusioa. San Antoniok ilusioa berreskuratu duela argi gelditu zen atzo, bai eta ilusio hori aurkariei aurre egiteko tresna eraginkor bilakatzen ari dela ere. Niko Mindegia erdikoaren gidaritza, bertze behin, erabakigarria izan zen. Bikain ari da Doneztebeko jokalaria. Gozatzen, eta zaleei gozatzeko hamaika arrazoi ematen.
Atzoko partidako bi zatien artean alde nabarmena izan zen. Partida erabat kontzentratuta hasi zuen San Antoniok. Pistan erabat sartuta ziren Jaunto Apezetxearen jokalariak, eta sumatzen zen. Defentsa estua eta sendoa izan zen lehen 30 minutuetan haien arma nagusia, eta, defentsarekin batera, haren ondorioz kontraerasoan erakutsitako joko eraginkorra. Sei goleko aldea ere lortu zuten etxekoek lehen zatian. CAIk ez zuen asmatzen.
Bigarrenean, ordea, sufritzea egokitu zitzaien etxekoei. CAI Aragoik lortu zuen bere jokoa antolatzea, eta hurbildu egin zen markagailuan. Sei goleko aldea murriztuz joan zen. 46. minuturako, 24-22 zegoen partida. Nafarrek, hala ere, ez zuten amore eman. Euren pista harresi bilakatzen badakitela argi utzi zuten. Urduritasunik gabe, partidaren kontrolari eutsiz. Lucau atean erabakigarria izan zen azken minutuetan, eta, kontraerasoari esker, berriz ere, 33-28 amaitu zen partida etxeko taldearen alde. Amaieran, agerikoa zen jokalarien aurpegietan sentitzen zuten poza. Denboraldi hasieran inork ez zuen espero lehen itzulia ia amaituta nafarrak bosgarren izanen zirenik.
Arratek 35-25 galdu du
Arratek, bertzalde, galdu egin zuen, 35-25, Granollersen aurkako partida, haren pistan. Ezustekorik ez zen izan, beraz. Kataluniarren atezainak hamabost geldiketa egin zituen, eta benetako harresi bilakatu zen gipuzkoarrentzat. Arrate, hala ere, gogor saiatu zen, eta 17-15 ailegatu zen atsedenaldira. Atzetik, baina hurbil. Bigarren zatian, ordea, etxekoek euren erritmoa ezarri , eta Arrate ezinean aritu zen.
San Antonio 33
CAI Aragoi 28
San Antonio. Ristanovic, Mindegia (5), Vargas, Humet (6), Urdiales (4), Eloy (5), Rasic (5, 1 p.), Agirrezabalaga (3) -hasierako zazpikoa-; Lucau, Sevaljevic (1), Gedeon (1), Borragan, Victor (3) eta Crowley.
CAI Aragoi. Malumbres, Maqueda (2), Val, Lozano (6), Stojanovic (6), Ruiz (1), Masachs (3, 1 p.) -hasierako zazpikoa-; Hernandez, Stankovic (2), Grebenar (2), Rodriguez (2), Carton (4, 1 p.) eta Larsson.
Markagailua. 2-1, 7-4, 11-7, 13-8, 17-11, 19-15 (atsedenaldian); 21-18, 23-20, 24-21, 26-23, 29-27 eta 33-28.
Epaileak. Ruiz eta Zapico. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Sevaljevic, Borragan, Vargas, Eloy, Crowley eta Agirrezabalaga; eta CAIko Val (2) eta Grebenar.
Bestelakoak. 1.500 ikusle inguru NUPeko pabiloian.
Bosgarren, CAIri irabazi eta gero
San Antoniok urrezko bi puntu lortu ditu lehen itzuliko etxeko azken partidan, eta gora egin du sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu