Aurten ere ez. Hala ematen du, behintzat. Kontxako bosgarren bandera ere Galiziak irabaziko du, igandean ia erabakita utzi zuelako estropada. Bederatzi segundo atera zizkion Getaria-Tolosari, hamalau Zumaiari eta hogei San Juani. Kolpe batean uxatu ditu Euskal Herriko arraunlarien gogoak.
Aurreko lau urteetan bera izan da nagusi. Beti egin izan du gauza bera: Donostiara azaldu, eta sekulako danbatekoa eman. Baita igandean ere. Denboraldian gertatu dena azkar batean iraultzeko gaitasuna dauka. Abilezia berezia du Donostiako estropada propio eta ondo prestatzeko. Gero, jakina, bada kontuan hartu behar den beste gauza bat ere: galiziarrena selekzioa da; herrialde hartako arraunlari onenak biltzen dira ontzian. Gipuzkoan, berriz, Zumaiatik hasi eta Hondarribirako tartean, bost talde daude, oso kilometro gutxian.
Estropada jokatu aurretik, bazen aurreko urtean egon izan zen ustea: aurtengoa izango zela lehen aldia, bandera hemen geratuko zela, baina ez. Bigarren luzean, txikitu egin zituen beste guztiak. Ziabogara ez zen heldu lehen tokian Galizia. Getaria-Tolosa zuen aurretik, segundo ale bategatik. Zumaia bi atzetik zuten galiziarrek, eta San Juan zazpi atzerago zetorkien. Getariarrek ziaboga zabala hartu zuten, eta trainerua zuzendu zutenerako, Galizia estropada buruan zen, ziaboga ondorengo olatu garrantzitsu hori ondo baliatuz. Hortik aurrerakoa bakarrik hizketan jardutearen parekoa izan zen. Eman eta eman, aurkariak txiki utzi arte, Amilibiaren ontzi berriari etekina ateraz.
Ziaboga txarra eta kolpea
Getaria-Tolosak Zumaiarekiko aldea handitu zuen, eta ia bost aurretik sartu zen. San Juani hogei atera zizkion Galiziak. Egin beharrekoa ondo egin zuten ustearekin geratu ziren galiziarrak; lan ona egin zuten irudipenarekin getariarrak, baina ziaboga txarra gogoan; zumaiarrak, kolpe latza hartu zuten ziurtasunarekin, banderaren lehian izan eta gero ia aukerarik gabe geratzeak ematen duen penarekin; eta sanjuandarrei ere gustatuko zitzaiekeen beste gipuzkoarretik gertuago egotea.
Kontuak kontu, lanak bukatuta, urteroko aurpegiak zeuden arranplan. Beti garai honetan pozik egoten direnak pozik, eta besteen artean, ezintasun puntua, nahi eta ezinaren arteko desoreka txar hori. Datorren igandean, itsaso txar askoa beharko lukete euskal arraunlariek iraultza gauzatzeko, baina ona dago emanda. Bostetik bost osatzeko bidean dira galiziarrak.
Arrauna. Kontxako Bandera
Bosgarrena ere Galiziara joateko bidean jarri da
Beste hiru taldeei alde handia atera die Rias Baixasek lehen igandean, itzuliko luzean lan ederra osatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu