Arrauna

Bost eremutan jokatuko dituzte KAE eta ETE ligetako hamabi estropadak

Santander eta Getxo gehitu dizkie Kantauriko Arraun Elkarteak lehen proposamenean jarri zituen estropada lekuei: Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales. Uztailaren 11n hasiko lirateke KAE eta ETE ligak eta abuztuaren 30ean bukatu, eta lehiaketak balekoak izateko zortzi estropada jokatu beharko dira. Etzi arteko epea dute KAEko klubek proposamena bozkatzeko.

KAE 1 ligako estropada, iaz Lekeition. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 29a
18:19
Entzun

Kantauriko Arraun Elkarteak atzo bidali zien azken proposamena klubei, eta bertan azaltzen dira, besteak beste, egutegia eta estropada eremuak. Etzi arteko epea dute taldeek bozka emateko, eta ez litzateke arazorik egon behar proposamena onartzeko. Hasierako aukeratik badira aldaketak: hamabi estropada jokatuko dituzte KAEko bi ligetako eta ETE ligako taldeek, [hasieran, bederatzi ziren], eta bost eremutan banatuta, hasieran hiru baziren ere. Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales lehendik zeuden jasota, eta gero, Getxoren aukera azaldu zen; orain, Santander ere batu zaie beste laurei. Osasun baldintzak baimentzen badute eta dena behar bezala egiteko aukera uzten badu egoera orokorrak, Getarian eta Getxon hiruna estropada izango dituzte arraunlariek, eta bina beste hiru eremuetan. 

Lehiaketen hasiera astebete atzeratuko da, eta uztailaren 11n emango zaie hasiera hiru ligei, Pasaian, erlojuaren aurkako estropadarekin. Ligak balekoak izateko, zortzi estropada jokatu beharko dituzte, eta bada proposamenean oso kontuan hartzeko beste gai bat: talderen batek KAE 1etik KAE 2ra jaisteko bidea hartu behar badu COVID-19ak eraginda, talde hori ez litzateke jaitsiko. KAE 2tik goiko ligara igotzeko, Bigarren Mailako lehiaketak balekoa izan beharko du; zortzi estropada jokatu beharko dituztela, alegia. Berez, bi talde igoko dira KAE 1era eta bi jaitsi KAE 2ra, kanporaketa jokatu gabe. Hiru ligak abuztuaren 30ean bukatuko dira. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.