Arrauna

Bost faboritoak, Cabo eta Zarautz sailkatu dira Kontxako Bandera jokatzeko

Zierbenak egin du denbora onena, ezusterik izan ez duen sailkatze estropadan, eta datozen bi igandeetan estropada ospetsuenean ariko diren zortzikoa osatu da, Donostiarrarekin batera. Ondarroa geratu da kanpoan 2,32 segundogatik. 

jarraia186399.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 3a
19:30
Entzun

Kontxako sailkatze estropadan gertatu izan dira ezusteak, baina gaur ez. Halakoak gertatzeko, eguraldi aldaketak eta itsaso nahasiak izaten dituzte bidaide ezuste emaileek, eta horrela izanda ere, beti ez da sorpresarik izaten. Gaurko baldintzak oso onak ziren. "Inoizko onenak", esan du Oscar Hermo Caboko patroiak. Itsasoa, eguraldia eta talde handienen berezko dohainak alde izan dituztela, batere arazorik gabe sailkatu dira kiniela guztietan zeuden bost traineruak: Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi eta Urdaibai. Cabo ere aurreikuspen gehienetan zegoen, eta Kontxan ariko da. Zarautz izan da zazpigarren sailkatua, eta horrek ere aukerak zituen beste talde batzuekin lehia estuan. Hain zuzen, azkeneko lekuaren bila aritzeko multzoan zen Ondarroaro tokatu zaio zortzigarren postu petrala, eta hutsagatik, gainera, 2,32 segundo baino ez dizkio atera Zarautzek. 

Azkena sailkatu dena izan da aurrena ateratzen, zozketak horrela erabakita. Zarautz itsu-itsuan atera da, batere erreferentzia eta daturik gabe. "Gurea egitera gara atera gara", esan du Aitzol Garro patroiak. Bai egin ere. Arraunean ondo egiteko pentsamendua bakarrik buruan, hasieratik atera da 'Enbata' egurrean. Ziaboga bakarrean barruan izateko saritxoa eman dio horrek, eta bueltako luzean, sari txikia sari handi bilakatu du. Baina Igor Gurutxarri arraunlariak lanak bukatu eta lehorrean esan duen bezala, "nire bizitzako hamar minutu luzeenak igaro ditut beste taldeek lanak bukatu bitartean". Azkenean, merezi izan da zain egoteak, eta Zarautzek Kontxa lehiatuko du berriz; azkenekoa 2007an izan zen. Asteburuan kolpea hartu zuen Galizian, Eusko Label ligako kanporaketa jokatzera bideratu baitzuten hango bi emaitzek, baina azkar jaiki da. 

Zierbena zetorren Zarautzen atzetik hurrenkeran, eta airean ibili da gaur traineru zuria. Kanpoan, denbora onena egin du, eta beste horrenbeste egin du bukaeran. Sailkatzera baino zerbait gehiago egitera joan da gaur, Juan Zunzunegik gero esan duen moduan: "Iganderako, taldeari heldutasun puntua eman nahi izan diogu". Emaitza historikoa da Bizkaiko mendebaldeko traineruarentzat, lehen aldiz irabazi duelako sailkatze estropada. 

Oriok egin du gaur bigarren, eta atera ere Zierbenaren atzetik atera da. Gaurko emaitzei ez zaie buelta asko eman behar, baina oriotarren kasuan, azken estropadetako gorabeherak gozatzeko balioko die bigarren egin izanak, eta Zierbena indartsuak 3,88 segudo bakarrik atera izana datu ona da Jon Salsamendi bezalako motibatzaile on batentzat arraunlarien buruetan eragiteko. 

Hondarribiak egin du laugarren, Orioren gainean, 88 ehunenetara. Lana bete eta barrura, baina ez edozein moduz eta zabarkeriz. "Sailkatzeaz gain, aurkariengandik gertu ibili nahi genuen", esan du Mikel Orbañanosek. Kanpora eta barrura lana doitu, eta egin beheharrekoa ondo taxutu du azken bi urteetan bandera ospetsua herrira eraman duen taldeak. 

Santurtzik ere bete du berea. Kanpora uste baino gehiago sufritu duela ematen dute aditzera denborek, Zarautzek baino lau segundo bizkorrago eman duelako buelta, eta Ondarroak baino zazpi bizkorrago. Bueltako luzean hortzak estutu beharrean izan da, eta ondo ema dio buelta lanari eta emaitzari. Barrura denbora ona eginez, laugarren izan da gaur, Zierbenagatik 13,06 segundora. Mikel Azkarate arraunlariak gaurko estropadaren arriskuez hitz egin du: "Gure lana egin dugu, eta gustura. Sailkatzea da garrantzitsua, arriskutsua izaten delako gaurkoa". 

Urdaibairi bukatu zaio halako batean abuztu madarikatua, gauzak aldrebes atera baitzitzaizkion aurreko hilabetean. Iraileko lehen estropadan, uztaileko itxura eman du, eta estutasun handirik gabe egin du barrura, aurrenekotik 14,38 segundora, nahiz eta ziabogan, Santurtziren denboretan ibili. Gustura azaldu da Jon Elortegi arraunlaria eta entrenatzailea: "Pozik gaude. Arraunean ondo egin behar izaten da sailkatzeko, eta horixe egin dugu". 

Bizkaiko bi talde indartsu horiek baino segundo bat azkarrago ibili da kanpoan Cabo. "Kanpora ondo joan gara", esan du Hermok gero, "barrura ez hainbeste, ordea", gehitu du segituan. Sailkatu direnen artean, Galiziako taldea izan da kaxkarrena bueltako luzean, baina sailkatu egin da, eta urteko helburua beteta, pozik dira. 

Gaurko egunez, beti izaten da kolpea hartzen duen norbait, eta Ondarroa izan da gaur. Iaz, garai honetan, poza eta algara zen nagusi herrian eta Donostiako arranplan, sailkatze estropada irabazi eta 24 urtere buruan berriz ere sailkatu egin zelako. Gaur, kontrako sentimenduarekin dira, baina "harro", Iñaki Errasti arraunlari eta entrenatzaileak esan duen bezala: "Gure lana egin dugu, baina ezin izan da. Kanpora ondo joan gara -Zarautz baino hiru segundo okerrago-, baina barrura gehiago kosta izan zaigu". 

Ondarroaren atzetik Ares geratu da, Zarautzengandik 9,82 segundora. Barrurako luzean galdu ditu aukera guztiak. Pedreñaren aurretik Isuntza sartu da, Zarautzengandik 13,58ra, eta ondoren, KAE 1 ligako aurtengo garailea. Bazen jakin minik talde horren inguruan, eta ziabogan, Zarautzek baino zazpi segundo makalago ibilita, aukerak izan ditu bueltako luzean. Baina hortxe joan zaizkio aukerak, eta sailkatzetik 17,56 segundora geratu da. Azkena izan da helmugan sartzen Pedreña, eta San Pedrok zeharkatu du helmuga haren aurretik. Mikel Arostegi pasaitarren arraunlari eta entrenatzaileak gero esan duenez, baldintzak txartu egin dira estropada aurrera joan ahala: "Uste genuen haizeak behera egingo zuela, baina zakartu egin da, eta ez digu mesederik egin". San Pedro 11. izan da, Zierbenatik 53,34ra.  

Igandeko txandak

Honela geratu dira lehen iganderako txandak (11:00etan hasiko da gizonezkoen estropada): 

1. Donostiarra, Zarautz, Urdaibai eta Santurtzi.
2. Orio, Hondarribia, Cabo eta Zierbena. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.