Bost egun baino ez dira falta euskal selekzioak eta Tunisiak elkarren aurka jokatuko duten lagunarteko partidarako, eta Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileek atzo eman zuten partida horretarako deialdiaren berri. Guztira, 22 jokalari deitu dituzte; horietatik gehienak Athleticeko eta Realeko jokalariak dira: 22tik hamasei. Datorren asteazkenean, hilaren 28an jokatuko da neurketa, San Mames futbol zelaian, 20:45ean.
ºDeialdiaren berritasuna bost jokalarik ekarri dute, lehen aldiz ariko baitira euskal selekzioaren elastikoa jantzita Jon Aurtenetxe, Mikel Rico, Beñat Etxebarria, Carlos Martinez eta Iñigo Martinez. Aukeratu dituzten jokalari guztiek entrenamendu saioa egingo dute datorren asteartean Lezaman, arratsaldeko bostetan. Amorebietak jokatuko ote duen zalantzan egongo da azken unera arte, ezker orkatilako lesioaz gain begi ondoan bost puntuko zauria daukalako.
Amorrorturen eta Etxarriren atzoko deialdiko jokalari berriek eragindako harriduraz gain, falta direnek ere eman zuten zeresana: Fernando Llorente, Javi Martinez, Iker Muniain, Joseba Llorente, Mikel Labaka eta Aritz Aduriz, besteak beste, ez dira ariko Tunisiaren aurkako partidan. Iaz Venezuelaren aurka aritu zirenetatik, berriz, sei jokalari ez dira izango San Mameseko zelaian. Oier Sanjurjo, Ion Ansotegi, Carlos Gurpegi, Koikili Lertxundi, Markel Susaeta eta Iker Muniain.Orduko hartan, 3-1 irabazi zuen euskal selekzioak.
Igor Gabilondo Athleticeko erdilaria da deitutakoen artetik partidarik gehien jokatu duena. Dagoeneko 11 lagunarteko neurketa jokatu ditu donostiarrak selekzioarekin; Mikel Aranburuk zortzi jokatu ditu, Asier Riesgok eta Xabi Prietok zazpi, eta Andoni Iraolak sei.
Partida berezia, inongo ezbairik gabe, Jose Mari Amorrorturentzat izango da, haren lehen partida izango baita selekzioko entrenatzaile gisara. Iragan urriaren 26an eman zuen aditzera Euskal Futbol Federazioak hark beteko zuela Jose Angel Iribarrek utzitako lekua. Selekzioak 21 partida jokatu ditu 1990az geroztik; horietatik hamalau irabazi egin ditu, bost berdindu, eta bi galdu.
Bost jokalari lehen aldiz ariko dira euskal selekzioarekin
Hogeita bi jokalari deitu dituzte Jose Mari Amorrortuk eta Mikel Etxarrik Tunisiaren aurkako partidarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu