Bayern Munich, Chelsea eta Real Madril sailkatuta zeuden jada, eta Olympique Marseillak eta Milanek atzo lortu zuten txartela, etxetik kanpo irabazita. Bost talde Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan daude jada, eta beste bost hiru txarteletako bat lortzen saiatuko dira.
E multzoan kinka larrian egon zen Erroma denbora askoan, baina Bayern Munichen aurka, etxean, 0-2koa irauli eta 3-2 irabazita, sailkatzeko aukera asko dute italiarrek. Basileak 1-0 irabazi zuen etxean Clujen aurka, eta azken jardunaldian zehaztuko da Erromak edo Basileak, nork egingo duen aurrera. Erromak nahikoa du berdinketa, eta Basileak Bayern Munichen zelaian irabazteaz gain, Erromaren porrotaren zain egon beharko du.
F multzoan Olympique Marseillak erakustaldia eman zuen etxetik kanpo. Etxekoen artean Alex brasildarrak ezin izan zuen jokatu, eta ederki nabaritu zuten hori. Valbuenak, Remyk eta Brandaok sartu zituzten hiru golak. Multzoko beste partidan Chelseak 2-1 irabazi zion Zilinari. Chelsea eta Marseilla sailkatuta daude.
G multzoan bi faboritoek egin dute aurrera. Real Madrilek poltsikoan zeukan txartela, eta atzo ere irabazi egin zuen, Ajaxen aurka, 0-4, Benzemak, Arbeloak eta Cristiano Ronaldok (bi) sartutako golei esker. Milanek, berriz, 0-2 irabazi zion Auxerreri, Ibrahimovicen eta Ronaldinhoren golei esker.
H multzoan dena airean dago. Xaktar Donetsk-ek 0-2 irabazi zion Partizani, eta berdinketa nahikoa du azken jardunaldian -galduta ere sailka daiteke-. Bragak, berriz, 2-0 irabazi zion Arsenali, eta biak 9 punturekin daude orain. Arsenalek lortu beharko luke bigarren txartela, Partizan ahularen aurka jokatuko baitu.
Zortzi talderentzat aukera
Gaur beste zortzi taldek izango dute aukera final-zortzirenetarako txartela lortzeko. A multzoan Tottenham eta Inter Milan sailka daitezke -etxean jokatuko dute biek-; B multzoan Olympique Lyon eta Schalke 04 -elkarren aurka jokatuko dute-; C multzoan Manchester United eta Valentzia; eta D multzoan Bartzelona eta Kopenhage.
Bost seguru, beste bost larri
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako txartela eskuratu dute Olympique Marseillak eta Milanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu