Tradizio handiko lehiaketa da Sei Nazioen Torneoa, eta aurten ere ez dira faltako urteroko Galesen ereserkiak, Eskoziako gaitak, ingelesen eta frantziarren arteko ezinikusiak... Koroa hirukoitza, Grand Slama, egurrezko koilara... Torneoko hiztegi bereziak ere izanen du bere lekua hurrengo bi hilabeteetan.
Hala ere, aurtengo ekitaldiak azken bi urteetakoek izan ez zuten garrantzia izanen du. Azken bi urteak trantsiziozko urteak izan ziren. Selekzioak 2007ko Munduko Kopatik atera berriak ziren, eta Irlandak salbu, denek ziklo berri bat hasi zuten. Poliki baina segurki, denbora aitzina doa, eta lau urtez behin heldu den txapelketa nagusia hurbiltzen ari da. Urte eta erdi falta da 2011ko Munduko Koparako. Selekzio guztiek taldea prestatzen dihardute, Zeelanda Berriko ekitaldirako prest egoteko asmoz.
Irlanda, koska bat gorago
Frantzia da horren adibiderik argiena. 2008ko torneoan, aldaketa anitz egin zituen Marc Lievremontek. Iaz, berriz, taldea tinkatu nahi izan zuen, talde jokoa atzemateko asmoz. Udan eta udazkenean politika horri jarraitu, eta emaitza onak lortu ditu. Hemendik aitzina, goi mailan egonkortu nahiko du, aurtengo torneoa irabaziz.
Frantzia baino gehiago, ordea, Irlanda izanen da aurtengo faborito nagusia. Azken urteetan oso aldaketa guti izan dira selekzioan, eta iaz lehiaketa bat irabazteak aurrerapauso bat ematea ekarri dio. Hainbat urtez azken langa pasatu ezinik ibili eta gero, lortu zuen Irlandak. Aurten, inoiz baino asmo handiagoekin heldu dira Declan Kindeyren jokalariak.
Azken bi urteetako Europako selekzioak aztertzean, hala ere, hainbat galdera ikur agertzen dira. Bi urteotan, selekzio guztiek gari adina lasto erakutsi dute. Selekzio guztiak beren joko onenaren bila dabiltzala nabari da. Inork ez du lortu 2007ko maila gorenik. Ingalaterra galduta dago erabat, krisian. Galesek 2008an ederki jokatu zuen, baina iaz zaplaztekoa bildu zuen. Eskozia eta Italia burua altxatu ezinda ibili dira.
Azken bi urteak ez dira izan onenak Europako selekzioentzat. Munduko Kopa, baina, hurbiltzen ari da, eta hemendik aitzina guztiek mailarik onena atzeman beharko dute, hego hemisferiokoak beren mailatik urruntzerik nahi ez badute behintzat.
Orain arte, hego hemisferioan ere maila onenaren bila ibili dira, Australian eta Zeelanda Berrian batik bat. Baina azken hilabeteetan gauzak aldatzen ari dira. Hegoafrika jaun eta jabe izan da Hiru Nazioetan. Zeelanda Berria ere bere mailarik onena atzematen ari da. Australia oraingoz pattalago dabil, baina hobetze bidean. Sei Nazioen Torneo honetan, indarra hartu beharko dute Europako selekzioek, elitearen trenak ihes egiterik nahi ez badute.
Sei Nazioen Torneoan ariko diren selekzioak
IRLANDABigarrenez Grand Slamaren bila
Aurtengo Sei Nazioetako Torneoa irabazteko faborito nagusia da Irlandako selekzioa. Iaz kolpe handia eman zuen 61 urteren ondoren torneoa irabaziz eta Grand Slama eskuratuz. 2001ean 20 urtez azpikoetan munduko txapeldun izandako belaunaldiak kritikak isilarazi zituen, azkenean titulu bat irabaziz. O' Driscoll, O' Connell, O' Gara, D' Arcy eta gainerakoen belaunaldiak erakutsi zuen ederki jokatzeaz gain irabazten ere bazekiela. Iazkoaren ondotik, errugbiko elitean lehiatzea da Irlandaren helburua. Bigarren urtez jarraian Grand Slama lortu nahi dute, eta Munduko Koparako prestatu. Horretarako, Declan Kidney hautatzaileak argitu du orain arteko defentsa jokora ez direla mugatuko, eta erasoan arrisku handiagoa hartuko dutela. Arrakasta hortik hasten da.
INGALATERRA
Krisitik atera nahian
Ingalaterrako selekzioa krisian murgilduta dago. 2003az geroztik ez du irabazi Sei Nazioen Torneoa. Europako errugbian jaun eta jabe izateko ohitura duen herri horrentzat, asko da hori. Iaz, Martin Johnsonek hartu zuen taldearen burua, arrosako hamabostekoaribeste itxura bat eman nahian. Baina gauzak ez zaizkio nahi bezala atera, ordea. Iazko ekitaldia hirugarren postuan bukatu zuen, bi aldiz galduta. Udan eta udazkenean jokatutako partidetan, hego hemisferioko talde onenen aurka galdu du (Australia, Zeelanda Berria eta Hegoafrika). Horrez gain, Argentinak ere irabazi dio. Martin Johnsonek Jonny Wilkinsonen laguntza izanen du. Irekitzaileak lesioak gibelean utzi ditu, eta aspaldiko partez Sei Nazioen Torneo bat hasieratik bururaino jokatzeko moduan dago.
FRANTZIA
Erregulartasuna helburu
Marc Lievremontek Frantziako selekzioaren burua hartu zuenetik, 2007tik, onena zein okerrena egiteko gai izan da Frantzia. Iragan udan, Zeelanda Berrian All Blacks handiei irabazteko gai izan zen. Udazken honetan, berriz, munduko talde onena bide denari irabazi zion Parisen: Hegoafrikari. Goi mailako emaitza horien ondoan, ordea, partida kaskarrak ere jokatu ditu Frantziak. Udazken honetan berean, Zeelanda Berriak jipoitu zuen (12-39). Lievremontek 2007an 20 urtez azpiko munduko txapeldun izan diren jokalarien alde egin du. Talentua sobera dute, baina gazteak dira oso. Azken bi urteetan jokalari horiek goi maila ezagutzeko aukera izan dute. Orain, maila horretan erregulartasuna lortzea falta zaio Frantziari, munduko onenen artean egonkortzeko.
GALES
Aurtengo zalantza handia
Nola suspertuko da Gales? Iaz, torneoa irabazteko aukera ederra zuen. Horretarako, azken partidan Irlandari irabazi behar zion, hamabi puntuko aldearekin. Azken partida hura, gainera, Cardiffen jokatu zuen porruaren hamabostekoak. Alta, orduan Irlandak irabazi zuen, Galesi 2008ko txapela kenduta eta Grand Slama lortuta.Ordutik jota egon da Gales. Udan eta udazkenean jokatutako partidetan ez du beste munduko deus egin. Ikusi beharko da aurtengo torneoan zein itxura emanen duen. Hala ere, argi ibili beharko da galestarrekin. 2005ean txapela lortu eta gero, bi urtez itzalita egon ziren. Gero, baina, burua altxa eta 2008an berriz irabazi zuten torneoa. Aurten, behintzat, orain bi urte bezala berriz torneoa irabaztea izanen da Galesen helburu nagusia.
ESKOZIA
Andy Robinsonen lehen saioa
Aldaketa urtea izan da 2009a Eskoziarentzat. Hainbat urtez Eskoziako hautatzaile gisan aritu ondoren, Frank Haddenek dimisioa aurkeztu zuen iazko torneo pattalaren ondotik. Haren lekua Andy Robinsonek hartu zuen. Ingalaterrako selekzioko buru izandakoak beste itxura bat eman nahi dio kardulatzeko hamabostekoari. Udazken honetan, bere parioa lortu du: historian lehen aldiz Australiari irabazi zion Eskoziak (9-8). Andy Robinsonek taldeari beste ukitu bat eman badio ere, Eskoziako gabeziekin topo egingo du berriz. Goi mailan luzaroan jarraitzeko jokalari on gutxiegi ditu Eskoziak. Frank Haddenek lehen torneoan itxura ona eman zuen, hiru partida irabazita. Gero, baina, pot egin zuen. Ikusi behar Robinsoni hori bera pasatzen zaion.
ITALIA
Malletek ezin du huts egin
Italia, urtero legez, torneoko azken postua lortzeko eta egurrezko koilarairabazteko faborito nagusia izanen da aurten ere. 2000tik, Sei Nazioetan jokatzeko baimena lortu zuenetik, beti azken postuan sailkatu izan da, eta ez du sekula ekitaldi batean bi partida baino gehiago irabazterik izan. Nick Mallet hautatzaile hegoafrikarrak bigarren torneoa izanen du Italiarekin. Iaz esperimentuak gaizki atera zitzaizkion; Mauro Bergamasco 9 postuan kokatuz, adibidez. Geroztik, Craig Gower Baionako australiarraren alde egin du, haren sendi italiarra baliatuz. Gowerrek Italiaren jokoa zuzentzeko laguntza ederra ekarriko dio. Hala ere, bestelako postuetan gabezia nabariak ditu Italiak, gibeleko lerroan batez ere. Emaitzez harago, partida txukunak jokatzea da azzurri-en aurtengo helburua.