Bost t'erdiko binakako torneoa antolatu dute enpresek abendu hasierarako Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren babesarekin. Bi finalerdiak abenduaren 8an jokatuko dira, eta finala 10ean. Bere garaian torneoa binakakorako azken zalantzak argitzeko izan zitekeela zabaldu zen, baina ez da hala izango, binakakoa abenduaren 7an aurkeztuko dutelako.
Lehen bi kanporaketak abenduaren 8an jokatuko dira, jaialdi berean. Aurrenekoan, Titinek eta Barriolak Irujo eta Merino II.aren aurka jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Olaizola II.ak eta Ruizek Berasaluze VIII.arekin eta Beroizekin neurtuko dituzte indarrak. Bi bikote irabazleak 10ean lehiatuko dira. Iaz, sanjoanetan, Aspek bost koadroko txapelketa antolatu zuen binaka, eta orduko esperientzian oinarrituta erabaki dute marra koadro erdi bat gehiago atzeratzea. Enpresen iritziz, «harrigarria» da koadro erdiarekin jokoak irabazten duen ikusgarritasuna. Sakearen marran, bestalde, ez da izango aldaketarik.
Binakakoa gerturatu ahala, ari daitezkeen pilotarien izenak indarra hartzen dira. Berritasun nagusia Mikel Olaetxea aritzea litzateke, dirudienez Asegarcek aukera emango diolako, segur asko Beginorekin. Atzelariei dagokienez, zaila izango da Ruiz sartzea. Aspen, zalantzan da Merino ariko den, baina badirudi jokatuko duela, Pascual kanpoan utzita.
Bost t'erdiko torneoa ez da izango binakakorako laborategia
Txapelketa abenduaren 7an aurkeztuko dute, eta Bizkaia torneoa, berriz, 8an eta 10ean jokatuko da, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu