Leitzako atzelariak herenegun hautsi zuen madarikazioa, Eibarren. Bost urte geroago berari buruz esanikoek balio ahalko dute. Eugiren aurka txapelketa osoan emaniko irudi bikaina eman zuen. Agoizkoa lanerako irten zen, sufritzeko asmoz, eta estu hartu zuen Barriola. Leitzarrak, baina, primeran sakatu zuen, eta aurtengo manomanistako bosgarren partida irabazi zuen (22-11).
Behe-behetik hasita iritsi da Barriola finalera. 2002az geroztik ez zion manomanistari lehen fasetik ekiten. Orduan finalerdietara iritsi zen, eta beste urtebete itxaron behar izan zuen txapela janzteko. Belokiri 22-3 irabazi zion Atanon, 2002ko ekainaren 23an. Barriolak ekainaren 10ean jokatuko du berriz finala, 1.807 egun luze itxoiten pasatu ostean.
Finala jokatu zuenetik, buruz burukoa gurutze-bide bihurtu zen Barriolarentzat. Loria bezala, bizkarreko handienak bertan jaso ditu. 2003an ez zuen txapela mantentzerik izan. Finalerdietako ligaxkan sartu bazen ere, Olaizola II.ak (22-2) eta Ruizek (22-14) itxi zioten bidea.
2004an final-laurdenetan gelditu zen. Haren aurreneko partidan Eugik aise irabazi zion Tolosan (22-4). Barriolak herenegun kitatu zituen orduko zorrak. 2005ean ez zuen jokatu. Gonzalezen aurka aritzekoa zen, baina egin berri zuen izterreko zuntz hausturak ez zion jokatzen utzi. Leitzarrak pilota aukeraketara arte itxaron zuen erabakia hartzeko. Dena den, kolperik latzena hartzeko zegoen oraindik. Iaz jaso zuen, Labriten, Iñigo Leizaren aurka negargarri jokatu zuenean (22-7). Eskua minduta, ez zuen astintzerik izan. Ia urtebete zen ebakuntza egina ziotela eta sendatu gabe zegoen oraindik.
OLAIZOLA ETA GONZALEZ, ATZO LABRITEN. Abel Barriolak larunbatean ezagutuko du finaleko aurkaria. Bigarren finalerdia Aimar Olaizolak eta Sebastian Gonzalezek jokatuko dute. Biek entrenamendua egin zuten atzo Labriten. Olaizola Peñarekin entrenatu zen, eta Gonzalezek hiru orduz alokatu zuen frontoia. Pilotak ostegunean aukeratuko dituzte (12:00).
Galarza VI.ak bigarren aldiz jokatuko du Bigarren Mailako buruz buruko finala
Lemoakoak Alberto Belokiri irabazi dio Tolosan (22-17), eta Xabier Urberuagaren aurka jokatuko du finaleanI. MAGRO
Donostia
Xabier Galarzak Bigarren Mailako finala jokatuko du berriz. Duela bi urte Iñigo Leizaren aurka galdu zuen, eta bi aste barru arantza ateratzeko parada izango du. Ekainaren 1eko finalean Xabier Urberuaga izango du aurkari, eta litekeena da Bizkaian jokatzea.
Lemoako atzelariak atzo lortu zuen finalerako txartela, Tolosako Beotibarren Alberto Belokiren aurka irabazita (22-17). Ondorioz, Aspeko bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak finalean. Atzoko finalerdia partida gogorra izan zen, eta Galarza VI.ak gorriak ikusi zituen finalerako sailkatzeko.
Bi pilotariek urduri jokatu zuten, eta tanto sorta luzeak egon ziren. Hasieran irabazlea gehiago izan zen. Ondo sakatuz eta kantxa erditik aginduz tartea ireki zuen (4-8). Bere huts batek, baina, sakea eman zion Belokiri, eta Burlatakoak primeran baliatu zuen hamaika tanto jarraian egiteko (15-8).
Galarzak ez zuen amore eman, eta lanean jarraitu zuen. Sakea berreskuratu eta partida 17na berdindu zuen. Atzelaria izateko, primeran sakatu zuen, eta lau tanto egin zituen jarraian saketik --guztira zazpi--. Azken txanpara freskoago iritzi zen, eta jarraian egin zituen azken bost tantoak.
TITINEN LAUGARREN GARAIPENA. Titinek marka egin du asteburu honetan, ostiraletik astelehenera lau partida jokatu eta laurak irabazi ditu. Atzo Nalda III.a zuen lagun, eta Capellan eta Pascuali irabazi zieten (22-19). Irabaztearekin nahikoa ez eta Titinek ikuskizuna eman zuen gainera. Tricioko aurrelaria izan zen partidako onena.