Aste zurrunbilotsua izan da, eta txapelketako gauza asko erabakita gelditu dira bulegoetan. Gidarien txapelketa soilik gelditu da erabakitzeke, eta hor ere harrigarria da gauzak nola aldatzen diren igande batetik bestera. Aurreko astean McLarenen nagusitasuna zen hizpide Monzan (Italia), eta gaur Ferrari autoek hartuko dute lehen lerroa Span (Belgika). Hala ere, faborito garbirik ez dago.
Ostegunean jakin zen FIAren erabakiaren berri, eta haren oihartzuna oraindik sendoa da, Belgikaraino ailegatu baita. Eta eskerrak asteburu honetan lasterketa dagoela, zeren bestela, beste gairik ez zen izango. Max Mosley haserre dagoela, bere garaian Ron Dennisek ez zuelako egia osoa kontatu, Ron Dennis helegitea ez aurkeztekotan dela horrek ekar liezazkiokeen arazoengatik...
Karrerak zertxobait estali du afera guztia, zorionez. Berriro ere pista gainean eginiko denborek hartuko dute nagusitasuna poliki-poliki. Eta atzo nagusi Ferrari izan zen, oso-oso gutxigatik bada ere. Lehen hiru gidariak, Raikkonen, Massa eta Alonso, hamarreneko batean sartu ziren. Batzuk ete besteek estrategia antzekoak izango dituzte, eta horregatik lehia oso estua izango dela uste da.
Hirukote horren atzetik Lewis Hamilton sailkatu zen, zertxobait atzerago. Britainiarrak indar pixka bat galdu du azken bi lasterketetan. Turkian gurpilarekin izan zuen arazoaren ondoren, puntu baliotsuak galdu zituen, eta Italian Alonsoren azpitik aritu zen. Atzo ere, ezin izan zion espainiarraren gurpilari jarraitu.
TITULUA, BIREN ARTEKO GAUZA. Belgikako lasterketarekin, lau karrera bakarrik gelditzen zaizkio 2007ko txapelketa honi amaierara iristeko. Ferrariko gidariak, euren artean lehiatzen ari dira, bata bestearen aurretik amaitu nahian. Bien artean ondoen kokatuena Raikkonen da, baina 18 puntuko atzerapena dauka Hamiltonekiko. Massak, aldiz, 23koa. Beraz, gaur ez bada hurrengo lasterketan -Japonian jokatuko da- biek titulu aukerei agur esan diezaiekete.
Egiari zor, Massa dagoeneko lehiatik at dago, eta Raikkonen hortxe-hortxe. Belgikan irabaziz gero, eta Hamilton podiumetik kanpo gelditu, oraindik izango du esperantzarik. Finlandiarra da Belgikan korritu diren azken bi lasterketetako irabazlea, eta pista horretan badu besteek baino zertxobait gehiago. Gainera aurten abantaila handia den zerbait du alde: pole-a.
Zirkuituak aldaketa batzuk izan ditu, batez ere, Bus Stop deituriko txikanean eta box-etako eraikin eraberrituetan. Pistarik ederrena da, luzeena, historikoenetakoa, aldakorrena, zailenetakoa. Alde batetik horrek, eta bestetik lehen hiru gidarien arteko berdintasunak, lasterketa oso erakargarri baterako osagaiak dira. Hamilton ere ezin da albo batera utzi, lasterketan erritmoa beste bat baita. Gainera Alonso hiru puntura bakarrik du eta ahal duen guztia egingo du haren aurretik bukatzeko.
Ferrari autoak aurretik hasita, eta Raikkonen lehen postuan, Massak paper garrantzitsua du. Badaki berak ez duela titulua lortzeko aukerarik, eta autogileen titulua Ferrarirena dela ostegunaz geroztik. Hortaz, Raikkoneni lagun diezaioke, atzetik dituen McLaren autoak oztopatuz.
Botere aldaketa Span
Monzan McLaren izan zen nagusi, baina Belgikan Ferrari; Raikkonen eta Massa lehen bi postuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu