Asko du oraindik ikasteko Alonsok; batez ere, taldeari Schumacherrek dion errespetua du ikasteko. Azken bi lasterketak har daitezke adibidetzat. Txinan bigarren amaitu zuen Alonsok, Schumacherren atzetik. Lasterketa hura erabat zoroa izan zen, pista bustiarekin hasi eta lehortuz joan baitzen denborak aurrera egin ahala. Alonsok pneumatikoekin erabaki okerra hartu zuen eta zailtasunak izan zituen pistan nahiz boxetan. Ferrariko kaiser-ak irabazi zuen, eta lidergoa eskuratu.
Oso kritiko azaldu zen Alonso taldearekin, une batzuetan taldeak albo batera utzi izan balu bezala sentitu zela esanez. Fisichella taldekidea ere kritikatu zuen, bere lasterketa arriskuan jarri zuelakoan, eta Michelinek lo hartu zuela ere lau haizeetara zabaldu zuen. Erreakzioa bilatuz batetik, barruko amorrua baretzeko bestetik, titulua irabazteko autoa eman dion taldearen kontra egin zuen. Ez da lehen aldia, baina ikuskizun dago McLarenen Ron Dennisek horren erraz hitz egiten utziko ote dion.
Hurrengo lasterketa Japonian izan zen, astebete eskasera. Han Schumacherrek jaso zezakeen zigorrik gaiztoena jaso zuen: punturik gabe amaitzea eta Alonsok irabaztea. Emaitza horren erantzulea ez zen gidaria izan, taldea baizik, arazo tekniko bat izan baitzuen eta hori zuzenki taldearen erantzukizuna baita. Schumacherren erreakzioa zein izango, eta mekanikari guztiak banan-banan agurtzea, haietako batzuk negar malkotan ari zirela. Schumacher eredugarria dela esatea ez da zilegi, taktika zikinak erabili izan dituelako, baina taldeari dion leialtasuna txapela kentzekoa da. Alonsok badu zer ikasi.
URTE ONAK ETA URTE TXARRAK. Bien artean bada oso diferentzia azpimarragarria. Alonso Minardi talde apalarekin hasi zen, baina hori Briatorek prestaturiko estrategia burutsu baten barruan kokatu behar da. Ikasteko urtea izan hura. Zirkuitu berriei buruzkoak ikasteko, 1 Formulako auto bat beste hogei autoz inguratua zaudenean nola gidatu ikasteko eta, orokorrean, zirku izugarri horren barrunbeak ezagutzeko. Prestaketa lan horrek hurrengo urtean jarraitu zuen, auto probatzaile postura eraman zutenean, 2002. urtean. Briatorek soilik 2003an eman zion Alonsori serio lehiatzeko aukera.
Schumacherrek prestaketa gutxiago izan zuen, ia zuzenean Benetton autoan eseri baitzuen Briatorek. Emaitzak berehala eman zituen. Baina, normala den bezala, Schumacherrek urte asko daramatza 1 Formulan eta mota guztietako autoak ezagutu ditu. Batzuk ukiezinak; 2002 eta 2004 urteetako Ferrari autoak, adibidez. Baina 1996an, Ferrarirekin korritu zuen lehen urtean, erdipurdiko autoa bakarrik izan zuen eskura, eta hiru proba irabazi zituen. Iaz ere oso urte zaila izan zuen Schumacherrek, pneumatikoen legedia aldatzeak kalte handia egin baitzion Ferrariri, baina argi zegoen gaizki zebiltzanak ez zirela pneumatikoak bakarrik. Bosgarren amaitu bazuen ere, izugarrizko lasterketak egin zituen.
Aldiz, Alonsok, 1 Formula izan den urteetan, beti izan du auto garailea. Ez txapelketan lehiatzeko autoa, baina bai beti aurrean ibiltzekoa. Haren autoek beti irabazi dute gutxienez lasterketa bat. Baina hurrengo urtean McLarenera doa, eta aurten, lehen aldiz hamar urtean, ez du lasterketarik irabazi talde horrek. Esanguratsua erabat, ez baita sendotasun kontua soilik izan. McLarenek abiadura falta du, eta huraxe da Alonsoren hurrengo geltokia super izar izateko bidean.
Lan zaila dauka, adituen ustez hurrengo urteko McLaren autoa ez baita irabazleen mailan izango. Aurtengoaren joerak jarraituko omen du eta podiumerako hautagai izango da gehienera jota. Orduan ikusiko da zer-nolako txapelduna den Alonso. Izan ere, Damon Hill eta Jacques Villeneuve ere, adibidez, munduko txapeldun izan dira, baina ez dira 1 Formulako mito bilakatu.
Schumacherrek, guztia irabazi zuenean, Ferrarira jauzi egin eta erdi mailako taldea zena erregetzara eraman zuen. Alonsok antzeko lana egin beharko du hurrengo urtean McLarenen. Ez daki zer den auto ertain batekin lehiatu eta irabazi beharraren presioa. Damon Hillek ederki laburtu zuen: «Orain arte inoiz ez du urte txarrik izan auto txar batean. Hori da zalantza haren maila epaitzeko orduan; aurrean gidatzeak energia gehiago ematen dizu, baina hori erabat desagertzen da auto egokirik ez duzunean».
Pistan bai Schumacherrek baita Alonsok ere erakutsi dute ez dutela parekorik. Alonsok bihar titulua irabaziz gero, Mika Hakkinen berdinduko luke, bi titulu baititu finlandiarrak ere. Schumacherrek esana du izan dituen aurkari guztien artean Hakkinen duela estimu handienean, harekin izan baitzituen lehiarik estuenak eta garbienak. Baina, zalantza izpirik gabe, pista gainean gidari osoagoa da Alonso, askoz ere sendoagoa eta gupidagabeagoa. Logika guztiarekin, Alonsok behar du izan Schumacher berria. Haren abiadura dauka, gutxienez. Haren grina dauka, gutxienez. Zenbakia kendu zion iaz. Aurten ere Nano-k irabaziko du, baina Schumacher Brasilen irabazita erretiratuko da, eta Alonsoren bigarren koroari itzala egingo dio.
Beti ez da
garbi
jokatzen
Txapela azken egunean erabaki denetan, askotan ikusi izan dira maniobra arraroak. Batzuk, Michael Schumacherrenak.L. GARMENDIA
Donostia
Askotan heldu da 1 Formulako txapelketa azken lasterketara titulua erabaki gabe dagoela. Inoiz, gutxitan, titulua talde bereko bi gidariren artean erabaki beharra izan da, eta kasurik entzutetsuenak Ayrton Senna eta Alain Prosten artekoak izan ziren. Azken-aurreko lasterketa izan bazen ere, bien arteko liskarrak agerian utzi zituen. Talde banatako gidariak baldin badira titulurako hautagai, egoerak beste kutsu bat hartzen du. Futbolean gainsariak dauden bezala, 1 Formulan ere bitxiak gertatzen dira.
Duela urte asko, 1964an, txapelketa Mexikon erabakitzekoa zen. Graham Hill, Damon Hillen aita, sailkapeneko buruan zela iritsi zen bertara, eta bost puntuko aldea ateratzen zion John Surteesi, Ferrari autoa gidatzen zuenari. Lasterketan, Lorenzo Bandini italiarrak bere Ferraria Graham Hillen BRMaren kontra jaurti zuen, eta Hillek denbora zein postu asko galdu zituen istiluaren ondorioz. Bandinik, ordea, ez zuen hainbesteko kalterik izan eta bigarren postuan jarraitu ahal izan zuen. Horrek, baina, ez zion balio izan Surteesi, une hartan hirugarren baitzen eta hirugarren postuak lau puntu soilik ematen baitzituen. Ondorioz, Bandinik pasatzen utzi zion eta Surteesek bigarren amaitu zuen, sei puntu eskuratu eta txapelketa puntu bakarreko aldeaz irabazi zuen. Urte batzuk geroago, Hillek une hura gogoratu zuen: «Behin baino gehiagotan saiatu zen ni jotzen bihurgune berean, eta itzuli bakoitzean zabalago hartzen nuen, kolpea saihesteko hain zuzen. Azkenean, ni jotzea lortu zuen, eta ihes hodia hondatu zidan». Kondairak dio Hillek liburu bat bidali ziola Bandiniri urte hartako Gabonetan, titulu esanguratsukoa: How to drive a racing car (Nola gidatu lasterketa autoak).
Brasildar batek ere pairatu zuen beste estrategia zikin baten amorrua. Kanadako Sari Nagusian, 1980an, Alan Jones urduri zegoen. Aurreko lasterketan, Italian, Nelson Piquetek aurrea hartu zion txapelketan. Erabakigarria zen Kanadako Sari Nagusia, baina, urteko azken-aurrekoa izanik, presioa ez zen horrenbesterainokoa. Irteeran, Alan Jonesek hormaren kontra bota zuen Nelson Piquet. Istripua handi samarra izan zen eta lasterketa berriro hastea erabaki zuen lasterketako zuzendariak. Piquetek, autoa hondatua zuenez - garai hartan Ecclestonek zuzentzen zuen Brabham autoa zeukan-, T-car edo erreserba autoa erabili behar izan zuen bigarren irteerarako. Bigarren lasterketa horretan motorra hautsi eta garaipena Alan Jonesek eraman zuen, lidergoarekin batera. Hurrengo urtean, Brasilgo Sari Nagusian, lasterketa euripean hastekoa zela, Nelson Piquetek slick pneumatikoekin ekin zion lasterketari. Harritzekoa. Ecclestonek ikerketa jarri zuen abian eta jakin zuen Kanadako lasterketan Caldwell taldeko arduradunari motorra aldatzea ahaztu zitzaiola, eta Brasilen slick-ekin abiatzea ere haren erabakia izan zela. Gutxi iraun zuen taldean.
Baina memorian ondo gogoan dauden oroitzapen gehienek Schumacherrengana garamatzate. Behin ongi atera zitzaion jokaldia, 1994an, Hillen kontra tupust eginda irabazi baitzuen. Hiru urte geroago Villeneuverekin hori bera egin nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Aurten ere Monakon bere alde ilunena erakutsi zuen, entrenamenduak geldiaraziz. Baina bihar Brasilen horrek ez dio balioko, nahitaezkoa baitu irabaztea eta Alonsok punturik ez lortzea.
Hor azaltzen da hirugarren protagonista: Felipe Massa. Brasildar txikitxoak askotan errepikatu du garbi jokatuko duela, baina edozer egingo duela Schumacherri garaipena lortzen laguntzeko. Begi gehiegi izango ditu gainean ezer susmagarririk egiteko, eta FIAk ezohiko zerbait sumatuz gero, Ferrarik eta Massak zigor eredugarria jaso dezakete.