Elitera itzuli nahi dute, eta edozer egiteko gai dira. Israelgoak dira, munduko judutarren ordezkari kirol hitzordu ezagunenetan, eta botere handia dute euren helburuak gauzatzeko. Kantxan, eta kantxatik kanpo. Horregatik dira arriskutsuak. Mugitzen duten merkatua ikaragarria delako, eta merkatu horrek sortzen duen dirutza, handiagoa. Euroligako ugazabei Bartzelonako Lauko Finalean Baskonia edo Maccabi, ze talde nahi duten galdetu, eta Israelgo taldea hautatuko lukete zalantzarik gabe. Maccabi gai delako Bartzelonan sei edo zortzi mila lagun elkartzeko. Baskoniak, aldiz, erdia.
Kirol jardun soilaz kanpo geratzen diren ñabardurak dira horiek, kirol arloko analisiaren osagarri. Edo kontrapuntu. Kirol arloan beldur apur bat eragiten du Maccabik, baina ez orain urte batzuk eragiten zuena. Ez urrun, lauzpabost urte atzera, irits ezinak ziren, eta orain ez dira. Ez da abiapuntu txarra. Jaun eta jabe izan ziren pasa den hamarkada erdialdean, baina sos kontutan arazo franko izan zituzten ondoren, beste askok bezala. Dirutza jarriko zuen inor ez, eta koska pare bat jaitsi behar izan zituzten. Bukatu dira arazo horiek, ordea, eta bueltan dira. Euroak dituzte barra-barra, eta baliabidez aberatsetan aberats dira. Top 16a hasi aurretik egin zuten azken mugimendua, horren erakusle. Milan Macvan serbiarra fitxatu zuten, Europako beste talde askori aurrea hartuta.
Saskibaloian, ordea, irin guztiak ez dira zuri, beste arlo askotan bezala, eta bi gehi bi ekuazioak ez du beti emaitza berbera ematen. Diruak lagundu egiten du, baina ez du arrakasta ziurtatzen, eta hor hasten da indartzen Baskoniaren hautagaitza. Munduko jokalari onenak elkartzea ez, horiek elkartu eta urte pare batean dinamika garailea sortzea baita arrakastaren gakoa. Askotan errepikatutako adibidea da. Bartzelonak urtez urte bizkarrezur berdina mantendu duelako lortzen ditu tituluak. Dirua daukalako eta fitxaketa onak egiten dituelako ere bai, baina erabakigarriagoa da oinarri sendoa mantentzea. Real Madrili kontrakoa gertatzen zaio. Dirua erabili axolagabe, baina oinarri sendorik eraiki ez. Aldaketari aldaketa, konpromisoari zabarkeria.
Bi talde horien artean dago Maccabi. Talde handia eraikitzen ari dira, baina etxea erabat bukatu gabe dute. Bigarren mailako pieza interesgarriak dituzte etxean, baina jokalari atzerritarren menpekotasun handia dute. David Blu dute, Yaniv Green, Tal Burstein, eta Lior Eliyahu Baskoniako jokalari ohia, baina jokalari estatubatuarrek dute aginte makila. Jeremy Pargo eta Doron Perkins joko antolatzaileek, eta Chuck Eidson hegalekoak, batez ere. Garrantzia apalagoa dauka Richard Hendrix pibotak, ondoan daukan morroskoarekin alderatuz gero. Sofoklis Sorchianitis greziarra. Pargo, Hendrix eta Big Soforentzat lehen urtea da Israelen. Perkinsek eta Eidsonek bigarren urtea dute.
12-4 balantzea
Maccabik 16 partida jokatu ditu orain arte Euroligan, eta lau bakarrik galdu ditu. Ligatxoan 9-1 balantzea lortu zuen, eta galdu zuen partida bakarra Gasteizkoa izan zen, Euroligako lehen norgehiagoka. Ondorengo bederatzi demak errenkadan irabazi zituen. Top 16an 10 puntugatik galdu zuen Bartzelonaren aurka etxetik urrun, eta itzuliko lehian alde horri buelta emateko zorian egon zen, baina Bartzelonak garaipena lortu zuen luzapenean Eliasen Eskua kantxa sakratuan. Horregatik izango du Baskoniak bere alde kantxa faktorea, eta Maccabik bere kantxan erakutsi duen sendotasuna ikusita, abantaila hori funtsezkoa izan liteke.
Jeremy Pargo eta Perkins AEBetako joko antolatzaile gehienen tankerakoak dira. Jaurtitzaileak, gidariak baino gehiago, barneraketetan iaioak, eta mugatuagoak asistentziak banatzen. Baskoniako David Logan bezalakoak. Bien artean 20 puntu pasa lortzen dituzte batez beste. Eidson da Maccabiko motorra, arima. Puntuak, erreboteak, asistentziak, defentsa… Denetarik egiten du, eta dena, edo ia dena, ondo. Ia hiru baloi berreskuratzen ditu partidako, Baskoniak batez beste berreskuratzen duen baloi kopuruaren erdia.
Saskipean Schortsianitis da mamua. Kaloria zakua zuten elikagaiak irensteko zuen grina atzean utzi, eta neurri ona ematen ari da behingoz: 13 puntu eta bost errebote lortzen ari da batez beste sasoi honetan Euroligan. Haren 140 kiloen bultzadari eusteko burua erabili behar da, giharrak baino gehiago, baina gakoa saskitik ahalik eta urrunen mantentzea da. Schortsianitis hutsaren hurrengoa da saskitik hiruzpalau metrora, baina geldiezina bizpahiru metrora. Hendrox espero baino apalago ari da, eta argi geratu da pasa den urtean Granadan lortutako zenbaki bikainak talde handi batean errepikatzea zaila dela. Macvan taldez eta herrialdez aldatzeak dakarren egokitze falta ordaintzen ari da oraindik.
Bukatzeko, hitz bi Gasteizen ia oharkabean pasa zen jokalariaren ekarpen garrantzitsuaz: Lior Eliyahu. Israeldarrak euren aberritik kanpo jokatzeko dituzten arazoak baieztatu ziren, eta etxekoen epelean, maila bikaina ematen ari da: 12 puntu partidako. Bere motibazioa handia izango da.
Boterea dute, arriskutsuak dira
Bi aste barru hasiko du Baskoniak Lauko Finalaren atariko azken kanporaketa, Europako talde onenetakoaren aurka: Maccabi Tel Aviv. Israelgoak ez dira iraganean bezain onak, baina dirua eta baliabideak dituzte barra-barra, eta indar handia bulegoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu