Txirrindularitzaren historiaren lerroak gorriz idazten ari da Philippe Gilbert (Omega Pharma Lotto). Ez dauka etenik, ezta kontrariorik ere klasikoetan. Garaipen zakua betetzen jarraitzen du. Azkenekoz, atzo, Donostian. Bera zen faborito nagusia, eta gainontzeko guztiak zain eduki arren, bost axola belgikarrari. Eutsi behar zuenean eutsi, eta jo behar zuenean jo. Horixe egin zuen. Jaizkibelen gora aise aritu, eta Miracruzen indar erakustaldia eman zuen. Erasoa jo eta bakarrik altxatu zituen bi besoak Boulevardeko helmugan, profesional ibilbidean estreinakoz. Bigarren Carlos Barredo (Rabobank) izan zen hamalau segundora, eta hirugarren Greg Van Avermaet (BMC), hamaseira.
Bezperan iritsi zen Euskal Herrira Gilbert, hegazkin pribatu batean, San Nikolaseko Kriteriumean parte hartu eta gero. Horrek zera adierazten du, irabazteko asmo osoz etorri zela, eta ez arratsalde-pasa. Gainera, begiz jota omen zuen aurrez Donostiako Klasikoa, beretzat lasterketa egokia zelakoan. Beraz, abisua emana zuen irabazleak. Baina bat esatea da, eta bestea egitea. Ahala duenak soilik egin dezake, eta bera Gilbert da. Azken txanpan ez zen inor haren gurpilari jarraitzeko gauza izan, eta ia haren hegazkinaren abiadan sartu zen helmugan. Boulevarden lurreratu zela esan daiteke kasik.
Ibilbide gogorra da Donostiakoa, 234 kilometrokoa, eta, maila bereziko mendaterik ez badago ere, hankek pisu handia hartzen dute azken txanpan. Atzo inoiz baino multzo handiagoa iritsi zen helmugara Gilberten atzetik, inor ez zelako gai izan tarte handirik irekitzeko. Irabazlea azaldu zen arte. Aurretik hainbat eraso ahalegin egon arren, belgikarrak jo zuen benetakoa, indartsuena. Txapeldun baten izaeraz jokatu zuen, gainera. Amaieran ez zuen taldekiderik alboan, baina ausart jokatu, eta aurrera jotzea erabaki zuen. Ezin hobeto irten zitzaion apustua.
Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) eta Haimar Zubeldia (Radioshack) ahalegindu ziren Gilberti jarraitzen, baina alferrik. Indarrean sekulako aldea zegoen. Helmugarako 3 kilometro eta erdi falta zirela jo zuen erasoa irabazleak, eta Samuel Sanchez izan zen erantzuten lehena. Atzetik Zubeldia irten zitzaion, eta, bien asmoa elkarlanean Gilbert harrapatzeabazen ere, ezinezkoa izan zen. Amaieran, gainera, gainontzeko oilarren tropeltxoak irentsi zituen, eta podiumik gabe geratu ziren. Usurbilgoa, zazpigarren, eta asturiarra, postu bat atzerago.
Saiatu ezaren damurik ez dute izango biek, hala ere. Zubeldiaren lana goraipatzekoa izan zen. Hiru aldiz saiatu zen tropeletik ihes egiten, eta momentu batzuetan muturrean bakarrik ere ibili zen. Frantziako Tourra ondo amaitu du, eta, hori baliatuz, lan bikaina egin zuen Donostian. Iaz podiumetik oso gertu geratu zen, laugarren, eta aurten ere ez da urruti egon. Lasterketa amaieran atsekabetuta zegoen.
Samuel Sanchezek ere bereak eta bi egin zituen Gilbert atzean utzi nahian. Izan ere, bazekien esprintera belgikarrarekin iritsiz gero oso zail izango zuela Klasikoa irabaztea. Lehenengo aldiz Jaizkibelgo bigarren igoeran aldatu zuen erritmoa Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, eta hogei segundoren tartea lortu zuen. Goitik beherakoan, ordea, harrapatu egin zuen tropelak. Gerora ere egin zituen saioak asturiarrak, baina kate motzean lotuta zegoen uneoro. Hain zuzen ere, nahiko haserre amaitu zuen etapa horregatik. Haren iritziz, txirrindulari guztiek bere gurpila harrapatu nahi zuten, eta ez da hori behar bezalako jarrera. Zalantzarik gabe, hautagai nagusietako bat izatearen alde txarra egokitu zitzaion atzo olinpiar txapeldunari.
Oilarren multzoan espero ziren txirrindulari asko sartu ziren, guztiak ere irabazlearengandik hamalau segundora; besteak beste, Joaquim Rodriguez (Katuxa) laugarren tokian, Dries Devenyns (Quick Step) bosgarren, Frank Schleck (Leopard) seigarren... Huts egin zutenak Luis Leon Sanchez iazko irabazlea (Rabobank), Sylvain Chavanel (Quick Step) eta Damiano Cunego (Lampre) izan ziren. Lamprek lan ugari egin zuen tropelean eguneko ihesaldia harrapatzeko, erabateko konfiantza zuten, nonbait, taldeko liderrarengan, baina Cunegori gorputzak ez zion behar bezala erantzun.
Gilbertez gain, eguneko protagonistak Julian Sanchez Pimienta (Caja Rural), Karsten Kronn (BMC) eta Murilo Fischer (Garmin) izan ziren. Lasterketari ekin eta berehala ihes egiteko erabakia hartu zuten txirrindulariok, eta hamar minutu pasatxoren tartea izatera ere iritsi ziren. Jaizkibel bigarren aldiz igotzen hasi zirenean, ordea, indarra xahutu zitzaizkien, eta tropelak irentsi zituen. Hori bai, ihesean ibilitako bi txirrindularik jaso zuten saririk. Sanchez Pimientak mendiko saria irabazi zuen, eta Kronnek tarteko helmugetakoa. Talderik onena, berriz, Rabobank izan zen.
Euskal txirrindularirik onena Zubeldia izan zen, beste behin. Goraipatzeko etapa egin zuen Usurbilgoak. Bere mailarik eman ez zuena Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi) izan zen. Tourrean maila apartean aritu da Ormaiztegikoa, eta atzo ere aurreko multzoan behar zuen, ondo bidean, baina ez zen ondo sentitu. Markel Irizar (Radio Shack) ere atzean helmugaratu zen.
Eguraldia lagun, euskal txirrindularitzak egun bikaina izan zuen Gipuzkoako errepideetan. Zale ugari bildu zen Jaizkibelen, eta ikuskizunik ez zen falta izan. Giroa aparta, eta Gilberten erakustaldia hobea. Egun bateko proba asko ari da irabazten Belgikako txirrindularia, baina, haren esanetan, gehiagorako lekua badu zakuan. Hurrengo denboraldiari begira ez dago garbi non arituko den Gilbert, eta ia talde gehienek interesa agertu dute belgikarra fitxatzeko.
Txirrindularitza. Donostiako Klasikoa
Boulevarden lurreratu da
Philippe Gilbertek Miracruzen gora erasoa jo, eta nagusitasunez irabazi du Donostiako Klasikoa, profesional ibilbidean estreinakozHaimar Zubeldia oldarkor aritu da aurreko multzoan, baina zazpigarren amaitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu