Italiako Giro bikaina egiten ari da Lucinda Brand (Rabo Liv). Taldekideen mesedetan lan egitea egokitzen ari zaio gehienean, baina bi garaipen eder lortu ditu dagoeneko. Hirugarren etapan eman zuen lehen kolpea, multzo txiki batean esprinta irabazita; eta gaur bigarrena, mendiko etapa gogorrean, 25. kilometroan erasoa jo, eta bakar-bakarrik helmugaratuta. Jessie Daams (Lotto) saiatu da herbeheretarraren erritmoari eusten, baina berehala etsi du. 45 segundo eskasekin igaro da Rialto azken mendateko pankartapetik, baina asko arriskatu du jaitsiera luzean, eta gozatuz helmugaratu da.
Tropel nagusian, beste behin, Megan Guarnier liderrak (Boels Dolmans) irabazi du esprinta, eta, gainsariei esker, sendotu egin du liderraren maillota. Etapa erabakigarria izango da biharkoa, Pisano eta Nebbiuno artean 21,7 kilometroko erlojupekoari aurre egin beharko diotelako txirrindulariek. Etziko mendiko azken etaparen atariko garrantzitsua izango da biharkoa.