Paralinpiar Jokoak

Brontzea eskuratu du Leautek errepideko C2 mailan

Bere hirugarren domina da Jokoetan, eta honezkero urrea, zilarra eta brontzea irabazi ditu.

Alexandre Leute urrezko dominarekin, txirrindularitzan pistako jazarpen proba irabazita, pasa den astean. THOMAS LOVELOCK / EFE
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 31
13:33
Entzun

Alexandre Leauteren jarduna emankorra dabil izaten Tokioko Paralinpiar Jokoetan. Hirugarren denbora onena eskuratu du, astearte honetan, errepideko txirrindularitzako C2 mailan, eta brontzezko domina gehitu du bere palmaresera. Proba honetako irabazlea Darren Hicks (Australia) izan da, eta bigarren sailkatua Ewould Vromant (Belgika) izan da.

Gaurko brontzeaz gain, urrezko eta zilarrezko dominak ere eskuratu ditu Ahurtin (Lapurdi) bizi den txirrindulariak. Denbora onena ezarri zuen pistako C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan pasa den ostegunean, eta hurrengo egunean bigarren egin zuen pistako 1.000 metroko erlojupekoan.

Eduardo Santasek ere ez du esku-hutsik amaitu errepideko C3 mailan. Domina lortzetik urrun gelditu ez baldin bada ere, diplomarekin konformatu behar izan da bosgarren denbora onena egin eta gero.

Igeriketan, aldiz, dominarik ez dute eskuratu, baina Nahia Zudairek eta Iñigo Llopisek diploma lortu dute. Zubietakoa brontzea eskuratzetik pausu batera gelditu da, laugarren egin baitu 400 metroko estilo librean. Donostiarraren kasuan, bigarren diploma da irabazten duena Joko hauetan; kasu honetan, 400 metroko estilo librean baita ere. Mahai tenisean ere diploma lortu du Iker Sastrek, Hego Korearen aurka galdu eta gero final-laurdenetan.

Bestalde, euskal ordezkariek ez dute zorterik izan saskibaloian. Agurtzane Egiluz eta Beatriz Zudaire ez dira finalerdietan izango, Alemaniaren aurka galdu eta gero (57-33). Dominaren lehiatik kanpo gelditu baldin badira ere, diploma ziurtatuta daukate. AEBren aurka jokatuko dute zazpigarren postuarengatik, ostegunean (08:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.