"Norbaitek irabazi behar badit, izan dadila nire anaia". Hala esan du Jonathan Browlee Erresuma Batuko triatloi kirolariak hark zilarrezko domina eta bere anai Alistair Browleek urrezkoa lortu eta gero: "Ez dut anaiarekiko inbidia sentitzen, miresmena baizik".
Alistair Browlee laugarren irten da uretatik, igeriketa proba 17:24 minutuan eginda. Bizikletaren gainean bigarren amaitu du, eta korrika utzi ditu atzean arerioak. Helmugan, sei segundoren abantaila lortu du Jonathan anaiarekiko, eta Londresko jokoetan lortutako urreari eutsi dio. Hego Afrikako Henri Schoeman izan da hirugarren, 42 segundora.
Atletismoan, beste urrezko domina bat lortu dute Ameriketako Estatu Batuek. Kerron Clementek irabazi du 400 metro hesidunetako proba, 47.73 segundoko denbora eginda. Boniface Mucheru Tumuti kenyarra (zilarra) eta Yasmani Copello turkiarra (brontzea) izan ditu lagun podiumean.