Bruesak balentria lortu du Malagan

Gipuzkoa Basketek txapeldunaren etxean lortu du bere lehen garaipena ACB Ligan

Imanol Magro Eizmendi.
2006ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Unicaja Malaga80

Gipuzkoa Basket 81

Unicaja Malaga. Sanchez (2), Rodriguez (15), Welsch (13), Jimenez (12), Gulyas (8) -hasierako bostekoa- Vasileiadis (3), Cabezas (5), Sanchez (2) Pietrus (12) eta Lorbek (6).

Bruesa Gipuzkoa Basket. Ordin (8), Urtasun (13), Kammerichs (4), Davis (17), Doblas (9) -hasierako boskotea- Uriz (2), Smith (23), Santamaria eta Bradley (5).

Markagailua. 18-24, 34-51 (atsed.); 63-71, 80-81.

Epaileak. Conde, Perea eta Garcia-Leon.

Bestelakoak. 9.500 ikusle Malagako Martin Carpena pabiloian.

Gipuzkoa Basketek txapeldunaren etxeanlortu du bere lehen garaipena ACB Ligan
I. M.

Donostia

Bruesa Gipuzkoa Basketek inork espero ez zuen lekuan lortu zuen atzo, bere lehen garaipena ACB Ligan. Donostiarrak euren aukeretan sinetsita kantxaratu ziren Malagan, eta ezustea eman zuten txapeldunaren etxe beroan. Martin Carpenan bildutako 9.500ikusleek ez zituzten Bruesako jokalariak kikildu eta lehen zati zoragarrian txapelduna jota utzi zuten. Bigarren zatia jazarpen lasterketa izan zen, eta Unicajak oso estu hartu zuen Bruesa. Azken jabetzan etxekoek partida irabazteko bi aukera izan zituzten, baina ez zituzten baliatu. Bruesak zorte pittin bat eduki zuen, egia da, baina txapeldunaren aurka talde apalak zortea merezita izaten du beti.

Bruesak mezua bidali zion atzo ACB Ligako talde guztiei: tentsioari eutsiz gero edozeinen etxean irabazteko gai dira. Lehen zatian donostiarrek zoragarri jokatu zuten. Iragan astean, Bilbo Basketen aurka, saskiratzaile peto baten falta nabaritu zuten, atzo, berriz, Devin Smith izan zen ardura hori hartu zuena. Eskolta iparramerikarrak 23 puntu sartu zituen, eta bera izan taldearen gidaria. Smithen arrastoa jarraituz beste taldekideek ere Unicajaren defentsa nahierara zulatu zuten. Atsedenaldian 17 puntuko aldea zuen Bruesak (34-51).

Talde apalek, baina, sufritzea dute patu, eta gehiago oilarren etxean. Bigarren zatian Unicaja esnatu egin zen eta ia errenta osoa jan zioten Bruesari. Azken aurreko jabetzan Bruesako Davisek bi jaurtiketa libre huts egin zituen, eta irabazteko aukera eman zion Unicajari hamabost segundoren faltan. Azken jabetzan, baina, ez Jimenezek ezta Sanchezek ere ez zuten asmatu, eta Bruesako jokalariak zoriondu behar izan zituzten partidaren amaieran.



BILBO BASKETEK BIGARRENA NAHI DU. Lagun Aro Bilbo Basketek aurtengo ACB Ligako etxeko aurreneko partida jokatuko du gaur Casillan (12:00, ETB1). Bilbotarrek Etosa Alacant (Herr. Kat) jasoko dute, jaitsiera postuak saihesteko aurkarietako bat. Iragan astean Donostian irabazi ondoren bilbotarrek hasiera ona etxean borobiltzeko aukera izango dute.

Bilbo Basketek, baina, ez du lan erraza izango, iazko denboraldi gogorraren ostean Etosak taldea indartu baitu. Quincy Lewis trebea Greziatik itzuli da, eta berarekin batera Sonkok eta Kornegay iritsi dira. Alacantekoak gainera sasoiko daude, eta iragan astean ezustea eman zuten Bartzelonaren aurka. Partidako gakoa jokoarenerritmoan egongo da, Bilbo Basketi joko bizkorra komeni baitzaio Etosaren jokalari astunen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.