Bruesak Breogan izango du aurkari Lauko Finaleko finalerdietan

Erredakzioa
2008ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Leche Rio Breoganen aurka jokatuko du Bruesa Gipuzkoa Basketek etzi Caceresen (Espainia), LEB Ligako Lauko Finaleko finalerdietan (18:15, Teledonosti). Alacantek aise irabazi zion herenegun Los Barriosi (103-67), eta, horren ondorioz, Galiziako taldea egokitu zaio Bruesari. Beste finalerdia, berriz, Alacantek eta Tenerifek jokatuko dute (16:00).

Breoganek laugarren postuan amaitu zuen liga erregularra: 24 partida irabazi zituen eta hamar galdu, Bruesak bezala. Paco Garciak zuzentzen duen taldea, halere, sasoiko dago, jokatu dituen hamabi partidetatik 11 irabazi baititu. Bi taldeek bitan jokatu zuten elkarren aurka Ligan, eta denetarik izan zen. Bruesak estu eta larri irabazi zion Donostian Breogari (100-97), bi luzapen jokatu ondoren eta azken segundoan Pankok sartutako hiruko bati esker. Galizian, berriz, Breoganek oso erraz irabazi zion Bruesari (83-61). Horrez gain, Breoganek Espainiako Kopa irabazi zuen denboraldi erdian.

Paco Garciak talde indartsua du bere aginduetara. Nacho Ordin Bruesako jokalari ohia, Hector Garcia, Maurice Jeffers, Roberto Morentin eta Daniel Kickert nabarmentzen dira jokalarien artean. Bruesak lan gogorra egin beharko du finalerdietarako sailkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.